Actualizado hace 10 minutos
Eduardo Laboa idazleak Pasai Donibaneko bizimodua, arrantzaleen ohiturak eta herriko pertsonaiak biltzen dituen lan hunkigarria aurkeztuko du datorren ostegunean. Hasieran proiektu familiar gisa jaio zena, herri oso baten oroimen kolektiboa bihurtu da, lagun talde baten babesari esker. Liburua aurkezpenean salgai egongo da.
Nola sortu zen hasierako ideia?
Egia esan, nire asmoa nire familiaren liburua egitea zen. Gure familia arrantzalea zen, bapore txiki bat genuen, eta San Juanen genituen arrantza ohituren eta bizimoduaren inguruan idatzi nahi nuen. Hori hor dago, poliki-poliki idazten eta gordetzen joan naizen zerbait da. Baina, egia esan, egunero idazten dut; sortzen zaizkidan gauzak, eguneroko kontuak eta, batez ere, poesia, asko gustatzen zaidalako. Horrela hasi nintzen herriko istorio txikiak kontatzen: harategikoa, dendariak, pertsonaia ezberdinak... Hasieran niretzat bakarrik idazten nuen.
Pandemia garaia inflexio-puntu bat izan zen proiektu honetan, ezta?
Bai, Covid-a iritsi zenean nire anaia, medikua dena, oso gaizki egon zen, hiltzeko zorian. Orduan hasi nintzen berari gutunak idazten eta horiek publikatzen. Gero, WhatsApp talde baten bidez eta Facebooken zabaltzen hasi nintzen nire idatziak. Harrera ona izan zuen eta astean hirutan argitaratzeko ohitura hartu nuen. 2020tik 2025era material asko pilatu nuen, eta lagunek animatu ninduten liburua ateratzera. Hasieran bertan behera uztekotan egon nintzen, lan handia zelako dena berrikustea, baina iaz San Juanen etxea erosi zuen emakume bat ezagutu nuen. Berak laguntza eskaini zidan eta uda osoa eman dugu astean hiru aldiz elkartzen, Facebookeko testu guztiak banan-banan aztertzen.
Nola biltzen dituzu istorio hauek?
Zu zauden bezala eseri, eta bere bizitza kontatzen hasi zen ezagun bat. Une horretan, “Juanito, itxoin pixka bat” esan nion, papera atera eta kontatzen zidana idazteari ekin nion. Niri pena handia ematen dit istorio horiek guztiak galtzea. Gizon horrek bezala, beste askok ere badute beren bizipena, eta hori, azken finean, herriko istorioa eta bizitza da. Batzuetan kosta egiten zaie kontatzea, baina nik pixka bat bultza-tzen ditut, badakidalako testigantza horiek jasotzen ez badira, betiko galduko direla.
“ Liburuak memoria historikoa jasotzen du, jende zahar asko dago eta horiek hiltzean bere istorioak beraiekin doaz ”
Nola kudeatu duzue materialaren hautaketa?
Izugarria izan da. Hasieran 1.600 poema eta istorio inguru genituen. Lehenengo zatiketan erdia hartu genuen, 700 inguru. Gero, lagun talde bat sortu zen laguntzeko asmoarekin. Talde horrek egin du lan gogorrena: testuak Facebooketik atera, Word formatura pasatu, argazkiak aukeratu eta zuzenketak egin. Nik esku zabala utzi nien aukeraketa egiteko, niretzat gogorra zelako dena berriz gainbegiratzea. Liburu honek bihotz asko ditu barruan.
Liburua elebiduna da, baina ez ohiko itzulpen bat. Nola egituratu duzue hizkuntzen kontua?
Hori asko eztabaidatu genuen. Nik bi hizkuntzetan idazten dut eta nire idatziak horrela zabaltzen dira. Testu guztiak bi hizkuntzetan jarriz gero, liburuak 500 orrialde baino gehiago izango zituen eta garestiegia izango zen. Azkenean, testu batzuk euskaraz eta beste batzuk gaztelaniaz jartzea erabaki genuen. Poesia batzuk hizkuntza batean daude eta istorio batzuk bestean. Agian norbaitek euskara ez badaki zati batzuk galduko ditu, baina ez genuen beste modurik ikusi liburua bideragarria izateko.
Donibaneko pertsonaiak eta txokoak dira protagonistak. Jende asko identifikatuta sentituko da.
Zalantzarik gabe. Liburua San Juango herriari eskainia dago. Bertan agertzen dira nire osaba, gurasoak, baina baita herriko jende asko ere. Herriko ohiturak eta jaiak ere hor daude: arrauna, eskubaloia, futbola... Gainera, ohitura daukat norbait hiltzen denean poema bat idazteko, omenaldi txiki gisa. Batzuek “hildakoen poeta” deitzen didate, baina niretzat heriotza bizitzaren parte da eta sentimendu horiek paperera eramatea garrantzitsua da. Aurkezpenean jende askok bere senideak edo lagunak ikusiko ditu islatuta.
Memoria historikoa gordetzeko tresna bat ere bada liburu hau?
Bai, hori da helburu nagusietako bat. Donibaneko Alde Zaharran jendea zahartzen ari da eta istorio asko hiltzen direnean beraiekin doaz. Arrantzaleen bizimodua, adibidez, ia galduta dago. Lehengo txurreria famatua, plazako gramola, mataderoa... gauza horiek guztiak paperean jasotzen ez badira, galdu egiten dira. Gazteek ez dute ezagutu lehengo San Juan hura, eta liburu honekin garai hartako pertsonak, ohiturak eta sentimenduak berreskuratu nahi ditut.
Orduan Pasai Donibaneko kronista zara.
Ez zait kronista izena gustatzen, memoria-hartzaile bat naizela esango nuke.
Zer espero dezakegu liburuaren aurkezpenetik?
Festa txiki bat izatea nahi dugu. Liburua aurkezteaz gain, bideo bat botako dugu, testu batzuk irakurriko dira eta herriko kantujirako taldeak abestuko du giroa alaitzeko. 300 ale atera ditugu, gehienbat San Juanen saltzeko, herriarentzat egindako zerbait delako. Azken finean, nire asmoa ez da idazle profesionala izatea, baizik eta nire sentimenduak eta herriaren memoria bizirik mantentzea.