Gipuzkoa

Robert Plant, Luz Casal eta Izaro Kursaal Eszenaren denboraldi berrian izango dira

Denboraldia irailaren 10ean hasiko da eta 2024ko urtarrilaren 4an bukatuko da
Robert Plant, Luz Casal eta Izaro Kursaal Eszenaren denboraldi berrian izango dira
Escuchar
01:06

Abuztua bukatu berri da eta kurtso hasierarekin batera Kursaal Eszenak ere ekin dio programazio berriari. Irailaren 10ean izango da denboraldi berri honen lehen kontzertua eta protagonista Robert Plant izango da, Led Zeppelin taldeko sortzaile eta ahotsa izandakoak 19:30ean eskainiko du kontzertua igande honetan.

Estatu mailan oso maitatua den Luz Casal abeslaria ere etorriko da Donostiara, urriaren 15ean izango da haren kontzertua 19:00etan. Joan zen martxoan argitaratutako "Las ventanas de mi alma" albuma aurkeztuko du zuzenean; bost urtez kanturik argitaratu gabe egon ondoren, bere lanik pertsonal eta autobiografikoena dakar eskuartean.

Lan berriekin ere etorriko da Izaro 2024ari kaixo esateko. "Zerodenero" izena duen disko kontzeptuala iragarri du eta, horren baitan, kontzertuak eskainiko ditu urtarrilaren 3an eta 4an. Iker Goikoetxeak, Kursaaleko Zuzendari Gerenteak esan digu poz handiz hartzen dutela Izaro beti aurkeztu izan baititu haren lanak Kursaalean.

Denboraldi klasikoari dagokionez, lehen hitzordua urriaren 28an iritsiko da, eta Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoa izango da protagonista. Alemaniako orkestra sendoenetako bat da eta zuzendaritzapean Cristian Macelaru errumaniarra izango da. Bigarren zita azaroaren 14an izango da, Jordi Savallek eta berak sortutako Les Concerts des Nations orkestra-taldeak "Los elementos y las furias" proiektu berria aurkeztuko dute Donostiako publikoaren aurrean. Gero, azaroaren 30eko kontzertua izango da, Budapesteko Franz Liszt Ganbera Orkestraren eskutik, István Várdai biolontxelo-jotzailearen zuzendaritzapean. Azkenik, gabonen besperan, abeduaren 23an, Netherlands Bach Society-k "Magnificat" interpretatuko du, kontzertuan zehar, Alex Potter kontratenor eta zuzendariak Bachen lehen aurrekoetatik abiatu eta Magnificat maisuzkoraino gidatuko du entzulea. 

Familiek eta haurrek ere izango dute haientzako ikuskizunak. Urriaren 14an Euskal Barrok Ensemblek "Euskelelea" aurkeztuko du, ipuin musikatua izango da zeinetan doinu ederrak eta abesti tradizionalak entzungo diren Irrimarraren ilustrazioekin batera.

Hurrengoa, azaroaren 11n izango da, La Companya del Príncep Totilau kataluniarrak "Monsieur Croche" ekoizpena ekarriko du.

Interesatuek jada eros ditzakete sarrerak hemen.

 

2023-09-04T12:02:46+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo