Gipuzkoa

Legazpiko San Inazio auzoko jaiak ospatuko dituzte asteburuan

Berrikuntza nagusia munduko osoko arrozekin egingo duten bazkaria da
Leagazpiko San Inazio auzoa.
Leagazpiko San Inazio auzoa. / N.G.

Actualizado hace 4 minutos

Asteburu honetan Legazpiko San Inazio auzoko jaiak ospatuko dituzte. Festak ostegunean hasiko dira eta larunbat arratsaldean amaitu.

Ostegunean, 19.00etan, suziria piztuko dute, txorizo pintxoak banatuko dituzte eta haurrek buruhandiekin jolastuko dute. 20.00etan patata tortila lehiaketa egingo dute. Ostiraleko ekitaldiekin bukatzeko, 23.00etan kontzertuak izango dira. Beheko txosnan Antigona, Gezurra eta Txegebanda taldeek joko dute eta goikoan Eztanda taldeak joko du eta Izaro eta Marina DJekin dantza egingo dute.

Ostiralean ere hainbat ekitaldi izango dira. 9.00etan Goiz Deia taldeko txistulariek joko dute. 12.00etan luntxa egingo dute, Muruazpin. 14.00etan herri bazkaria egingo dute:mundu osoko arrozak dastatuko dituzte. 17.00etan Eufemiano Iturri mendi lasterketa egingo dute eta 19.00etan inperialismoaren aurkako argazkia aterako dute. 23.00etatik aurrera, musika izango da nagusi. Beheko txosnan Geminiss la Banda, Chuleria Joder eta El Exterminio de la Raza del Mono taldeek joko dute. Goikoan, berriz, Mugi Panderoak kontzertua egingo du eta ondoren DJ Maikiñorekin dantza egingo dute.

Jaiak larunbatean amaituko dira. 7.00etan gaupasa egin dutenek argazkia aterako dute Muruko aldapan. 16.00etan mus txapelketa jokatuko da Muruazpin eta 18.00etan herri kirol saioa izango da.

Aurtengo berrikuntza nagusia munduko arrozen dastaketa izango da. Kulturartekotasuna eta elkarbizitza bultzatzea du helburu. Arroza herrialde ezberdinetako errezetetan oinarrituta kozinatuko dute eta ondoren elkarrekin bazkalduko dute.

Elkar ezagutzeko, kalean elkartzeko eta auzoaren aniztasuna ikusarazteko aitzaki bat da. Baita auzoak eta ingurua gehiago zaintzearen aldeko aldarria ere.

San Inazioko jaietan egin izan den elkartasun bazkariaren jarraipena da. Auzotik haratago ere, Legazpiko beste hainbat eragilek eta dendak lagunduko dute. Besteak beste, Mundutik Legazpira, Taupada, Buztintegi, Lekanazpi, Olamendi Eskola, Amelar fruta eta barazki denda, Laubide jatetxea, Obena harategia, Perez de Arenaza kontserbak eta Sustrai fruta denda.

Lehen edizio honetan zortzi herrialdek hartuko dute parte: Peru, Nikaragua, Nigeria, Costa Rica, Pakistan, Kuba, Senegal eta Euskal Herria. Arrozak eta edaria doakoak izango dira, baina nahi duenak borondatea eman ahalko du. Jasotako dirua Taupada eta Mundutik Legazpira elkarteekin banatuko da. Bi elkarte hauek sortu berri dira eta etorkinen integrazioa dute helburu.

Gainera, 12.00etatik 14.00etara bitartean haurrentzako ludoteka egongo da. Bertan jolas kooperatiboak antolatuko dira. Antiarrazakeria eta kulturartekotasunari buruzko hausnarketa izango da jolas horien ardatza. Ur jolas batzuk ere izango dira eta bazkalostean familiei ur parkera jolastera joateko gonbitea egingo diete.

Bazkaria urtero antolatzeko asmoa dute. Datozen urteetan lehenengo edizio honetan ikasitakoarekin ekimena hobetzea eta festa handiagoa antolatzea espero da.

2026-07-27T17:34:57+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo