Actualizado hace 4 minutos
Aurtengo Loinatz jaiek badute zerbait berezia, festaren eztandari kirol arrakastaren oihartzuna batu baitzaio hastapenetik. Haurren txupinazoa jaurti aurreko minutuetan, herriko kaleak txuri-urdinez jantzi dira Aritz Elustondo eta Beñat Turrientes futbol jokalari beasaindarrei harrera egiteko; izan ere, Realarekin lortutako Espainiako Kopako garaikurra eskaini diote herriari.
17.15ean iritsi dira Elustondo eta Turrientes, kopa eskuetan zutela, Loinazko San Martin plazara; bertan, Beasain KE-ko futbol eskolako gaztetxoek ohorezko pasabidea egin diete udaletxeko sarreraraino, herritar ugariren txalo, oihu eta animo artean.
Ondoren, 17.30ean, ekitaldi instituzionalaren txanda izan da. Leire Artola alkateak harrera ofiziala egin die bi kirolariei. Loinatz jaietako zapia eta oroigarri bana jaso dute.
Giroa erabat berotu da 17.45ean, Aritz Elustondo eta Beñat Turrientes udaletxeko balkoi nagusira atera direnean kopa beasaindarrei eskaintzera. Plazan bildutako zaleek pozarren erantzun dute. Balkoitik bertatik, bi futbolariek adierazi dute “plazerra” dela kopa herrikideekin partekatzea, eta Loinatz jai onak pasatzea opatu diote herriari.
Beasain rinde homenaje a Turrientes y Elustondo al ritmo de las fiestas
Garaipenaren ospakizunak herriko jaien eztandari utzi dio lekua: 18.00etan, La Salleko ikasleek txupinazoa jaurti dute gainerako ikastetxeetako ordezkariekin batera, Loinatz jaiei hasiera ofiziala emanez.
Festak hasi besterik ez dira egin, Loinatz jaiak maiatzaren 24ra arte ospatuko baitira Beasainen.