Udako atsedenaldiaren ondoren, indarberrituta eta gogo-tsu irekiko ditu ateak Labak gaur, egitarauez beteta datorren asteari hasiera emanez. 18:00etan zabalduko da jendearentzat, irudi berrituarekin. Udan zehar egin diren aldaketak eta irekiera berri honetako asmoak azalduko dituzte Labako lagunek, egitarau taldeko kide den Yasmine Khrisek azaldu moduan.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko bertso taldeko kideen (NUP) eta Labako lagunen artean iaz antolatu zen Bertx(h)ori bertso txapelketari jarraipena emanez, 19:00etan Bertx(h)oriren bertsio bat saioa ospatuko da. Idoia Granizo, Endika Legarra eta Sarai Robles bertsolariak arituko dira oholtzan, besteak beste.
Bihar, egitarauarekin jarraituz, kontzertu berezi bat eskainiko du Ibil Bedi taldeak. Abesti berri baten hasiera izenburupean, taldeak “entsaio irekia” eskainiko dio publikoari, non talde iruindarraren abesti berriak ezagutzera emango diren. “Saio esklusibo” bat, Khrisen hitzetan. “Oso esperimentala izanen da, baita beraientzat ere, baina prest daude espazio hori guretzat eskaintzeko”.
Hurrengo egunean Jon Benitoren Lagun minak liburuaren jendaurreko aurkezpen-elkarrizketa eskainko da, arratsaldeko 19:00etan. Sustrai Colina bertsolariak gidatuko du elkarrizketa.
Loreak belaunetan dokumentala-ren txanda izango da ostegunean, hilaren 22an, 18:00etan. Amagoia Gurrutxaga (Matxinbenta, 1971) kazetariaren lanak artearen aldeko apustua egin duten zazpi gazteri ematen die ahotsa: Oihana Arana (poeta eta bertsolaria), Amets Aranguren (musikaria), Kattalin Barcena (artista plastikoa eta musikaria), Dom Campistron (irudigilea), Ekain Ibarguren (aktorea, pailazoa eta malabarista), Iker Maguregi (zinemagilea eta musikaria), Maddi Ane Txoperena (kazetaria, idazlea eta bertsolaria). Ordu erdi pasako iraupena duen filmaren ondoren, protagonistetako batzuekin solas egiteko aukera izanen da.
Egun bateko atsedenaldiaren ondoren, larunbatean besta gogoz zabalduko dira berriz Labako ateak. Sanfermin Txikitoko giroa hauspotu asmoz, 19:00etan norberak bere abeslari du, Gabi de la Mazaren eskutik, Euskaraokean. De la Maza bera arduratuko da karaokea gidatzeaz, beraz, umore ona eta dibertsioa ez dira faltako larunbatean.
Besta giroaz aldendu gabe, igandean Broken Brothers Brass Bandek abako ataritik ekingo dio aurreikusita duen kalejirari, 12:30ean, aste osoko egitarauari itxiera ederra emanez.