Gipuzkoa

Urretxuko kiroldegi berriko pleguak onartu dituzte

Kantxa, lau solairuko eraikina, igerilekuko sarrera berria eta 3.700 metro koadroko parkea egingo dira
AldiriBi kiroldegiak izango duen itxura.
AldiriBi kiroldegiak izango duen itxura. / N.G.

Actualizado hace 4 minutos

Urretxuko Udalak AldiriBi kiroldegiko proiektu teknikoa eta pleguak onartu zituen osoko bilkuran. EAJ eta PSE-EEk alde bozkatu zuten eta EH Bilduk abstentzioa eman zuen.

Kiroldegia 5.000 metroko lursail batean egingo da, egun Urretxu-Zumarraga ikastolako patioa dagoen tokian. Lau solairuko eraikina eta estalitako kantxa izango ditu. Igerilekuko sarrera aldatzea ahalbidetuko du, eraikin berritik sartuko baita igerilekura. Eraikinak erabilera anitzetarako lau gela, kantxako eta igerilekuko aldagelak, biltegia eta igogailua izango ditu. Parke bat ere egingo da. Eraikinak eta kantxak 1.800 metro koadro izango dute eta parkeak 3.700 metro koadro. Obrak bi urte inguru iraungo du.

Pleguei dagokienez, 6.228.000 euroko aurrekontua aurreikusten da. Kontratazio plataformara igo ondoren (aste honetan), enpresek 26 egun izango dituzte beraien eskaintzak aurkezteko. Igor Zubillaga zinegotziak ez dutela eskaintza ekonomikoa lehenetsi esan zuen.

PSE-EEko Alex Gonzalezek egitasmoaren alde daudela aipatu zuen. “Estrategikoa da, kirol eskaintza indartzen baitu eta igerilekuak hobetzen baititu”.

EH Bilduko Jon Altolagirre kritiko azaldu zen. “Proiektua 2022ko udaberrian aurkeztu zen, baina hainbat faktore medio, atzeratu egin da. Ez dakigu obra noiz hasiko den. Uda honetan hasiko zirela esan zen, baina epeak ez dira bete. Bestalde, finantziazioak kezkatu egiten gaitu. Udalak bere osotasunean aurre egin beharko dio, ez duelako Europako laguntza lortu. Beste aterik jo al da? Aldundiak baditu kirol arloko laguntzak. Baina gehienak eskualde mailako egitasmoetarako izaten dira. AldiriBik Udalaren inbertsio ahalmena baldintzatu dezake. Bestalde, egitasmo itxia ez izatea espero dugu. Kirol ekosistema sortzea nahi dugu. AldiriBi irekia izan beharko litzateke, anbiziotsuagoa izateko. Zumarragarekin landu beharko litzateke. Horrek Aldundiaren laguntza jasotzea ahalbidetuko luke”.

Jon Luqui alkateak egitasmoaren jatorria eta ibilbidea gogoratzea komeni dela erantzun zion. “Ikastolarekin eta klubekin bilera asko egin dira, batzorde teknikoak eratu dira, hezkuntza eta kirol beharrak ase behar ziren, lursail handi bat lortu behar zen… Ikastola eskuzabala izan zen, 5.000 metro koadroko lursaila utzi baitzigun. Gipuzkoako herri batzuetan 30 milioi euroko kiroldegiak egiten ari dira. Edo gurea bezalakoak, baina mailegua eskatuz. Guri, AldiriBik igerilekuan dugun arazoa konpontzen digu eta babesleku klimatikoa izango den parkea egitea ahalbidetzen digu. Ez da kiroldegi hutsa”.

Horretaz gain, kirol ekosistema existitzen dela esan zuen. “Non dituzte Urretxu eta Zumarragako azpiegiturak bezalakoak? Non laguntzen zaie horrenbeste kirol elkarteei? Herri bakoitzak ahal duen ekarpena egiten du. Urretxun pump-tracka egin dugu, rokodromoa egiten ari gara eta 2015ean ez zeuden hiru gimnasio pribatu ditugu. Ekosistema egon badago, baina, gainontzeko guztia bezala, etengabe hobetu egin behar da. Estrategia bat dugu. Ordaindu eta mantendu daitezkeen gauzak egin behar dira. Eta elkarteek ez dute jasotzen duten babesaren inguruko kexarik. Ez dugu Europako laguntza lortu, baina ez dugula bestelako saiakerarik egin behar uste al duzue? Ez dugu sekula amore eman”. Obra aurten hastea espero dutela ere azaldu zuen.

2026-06-01T15:38:55+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo