Navarra

Nafarroa bat eta bakarra

Bi urtez ezin ospatu egon ondotik milaka lagunek ospatu dute igande honetan Nafarroaren Eguna Baigorrin, pandemiaren ondorioz Nafarroa Garaiko eta Nafarroa Behereko auzokideak elkartzeko aukera baliatu zuten aunitzek, aspaldiko partez. Gogotsu zeuden denak, eta zinez, elkar gozatu zuten denek.

Goizean goizetik jende aunitz sumatzen zen Nafarroa Behereko herriko karriketan. Goiztiarrenak antolaketa lanetan zebiltzan hamarnaka lagun, bakoitza bere postuan, bisitarien zain. Bisitarien artean, batzuk ikastolarako bidean, eguna bertan eskaintzen zuten gosariarekin hasteko asmoz, bertze batzuk dagoeneko sabela ase eta umoretsu zetozen handik, bestari hasmenta ematen dion desfilean parte hartuko zuten kideak taldetan elkartzen hasiak ziren bitartean. Denak ilusioz gainezka, kontent, irribarretsu. Ez zen guttiagorako, egun handi baten lehenbiziko orduak ziren eta aspaldiko partez Nafarroaren egunarekin gozatzeko helburu komunak elkartzen zituen.bien bitartean herriko eliza inguruan jarritako merkatuan bisitariak pilatzen hasiak ziren, salmahaietan zokomiran.

Nafarroaren Eguna berezia da beti, baina beharbada aurtengoa berezienetarikoa izan da, izan ere, azken bi urteetan ez da ospatzerik izan, eta nahiz eta sare sozialen bidez besta seinalea mantendu den, elkarrenganako begiradak, besarkadak, dantzak eta irriak falta izan dira. Hirugarrenean bai, berriz ere milaka lagun elkartu ahal izan dira Baigorrin.

Hori gutti balitz, bertzelako berezitasunik ere izan du aurtengoak, larunbatarekin ospatu baita, eta ez orain arte bezala igandearekin. Kanpoko faktoreek eragindako aldaketa izan da. Beti apirileko azken igandean ospatzen bada ere, aurten apirilaren 24an Frantziar estatuko presidentetzarako hauteskundeak izan ziren, eta gaurkoa, aldiz, Maiatzaren 1a da, hortaz, eguna aldatzea erabaki zuen Basaizeak, eta apirilaren 30a hautatu.

Lehenagotik ere Basaizeko kideen artean eztabaidatua zuten larunbatarekin ospatzeko aukera, eta aurten halabeharrez egin dute hautua.

Oztopoak oztopo, aldaketak aldaketa, Nafarroaren egunak bere betiko esentzia mantentzen duela argi gelditu zen, bertze behin ere, eta aurtengo bestarendako aukeratutako leloak ere ederki laburbiltzen du igande honetan Baigorrin bizitakoa, "Zuti gitezen berriz!". Inoiz lurrean egon bada, Basaizeak, Nafarroaren egunak, eta oro har, nafarrek erakutsi zuten Nafarroa zutik dagoela eta inoiz baino elkartuago eta biziago gainera.

AUTOBUSAK Aurtengo Nafarroaren egunak izan du bertze berrikuntzarik. Lehenbiziko aldiz Basaizeak autobusak antolatu ditu Euskal Herriko txoko desberdinetatik Baigorriko joan etorria egiteko. Ehunka lagun izan ziren honen aldeko hautua egin zutenak, nahiz eta, gehiago ere izan zitezkeen.

Basaizeko kide Amaia Castorenek aipatu zuenez, "ez dira autobusak erabat bete", halere, etorkizunean Baigorrira autobusez hurbiltzeko hautua lehenesten dutela azpimarratu zuen.

Autobusez gain, aurten besta larunbatarekin izaki, jende gehiagoren etorrera aurreikusten zuten, baita aurreikuspenak bete ere, eta biharamuneko presarik gabe, jende aunitzek besta gehiago luzatuko zuela aurreikusita, kanpaleku bat ere atondu zuten jendeak ostatu har zezan.

 

2022-05-01T12:19:02+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo