Buscar
Bizkaia

Tradizioa eta nortasuna: Zerutxu dantza taldearen 60 urteko bidaia

Markina - Xemeingo Zerutxu dantza taldea 60 urte ospatzen ari da aurten tradizioari indarrez eutsiz eta herriaren nortasuna tinko mantenduz modernitatera abiatuz
Zerutxu dantza taldeak nazioarteko hainbat jaialdietan hartu du parte.
Zerutxu dantza taldeak nazioarteko hainbat jaialdietan hartu du parte. / Zerutxu dantza taldea

Actualizado hace 22 segundos

Orain dela gutxi Bilboko Aste Nagusian, Gas plazan, dantza talde gonbidatuetako bat bezala ikusi dugu, izan ere, aurtengoa ez da edozein urte Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldearentzat, 60 urteko ibilbidea ospatzen baitu.

Markina-Xemeingo herriak eta herritarrek dantzarako zaletasun handia erakutsi dute betidanik. Kulturarekiko eta dantza tradizionalarekiko lotura hori ez da gaur goizeko kontua; izan ere, herriko artxibategian gordetzen diren datu zaharrenek ere argi eta garbi erakusten dute joera hori mendeetan zehar mantendu dela. Gaur egun, altxor bizi honen lekuko eta ardura nagusia Zerutxu dantza taldea da, aurten 60. urteurrena ospatzen duena, herria dantza eta historiaz jantziz.

Dauden datu historiko zaharrenak Karlos V.a Alemaniako enperadore izendatu zuteneko garaira eramaten gaitue. Orduan, danbolin eta txistuaren soinuarekin batera, herrian dantzan egin zela jasota geratu zen. Argi dago aurretik ere herritarrek dantzan egingo zutela, baina zoritxarrez ez da garai haietako lekukotasun idatzirik geratu. Halere, une historiko hartatik aurrera, markinar-xemeindarrek ez diote inoiz dantzan egiteari utzi. Herriko plazak eta txokoak ezpata dantzak, makil dantzak eta uztai txikien edo handien saioak ikusi dituzte Aratusteetan, Korpus egunean edota herriko jai nagusietan. Xemeingo eremuan, gainera, oso ezagunak eta bereziak izan dira mahai-gainekoak; ekitaldi hauetan, auzokideak mahai baten inguruan biltzen ziren eta herriko alkatea buru zela egiten zen dantza. Soka dantzek ere garrantzia handia izan dute herrian. Gehienetan gazteenek dantzatzen bazuten ere, eliz-gizonek eta agintariek Markinako zelaiko hariztian egindako soka dantzen testigantza historikoak ere gordetzen dira.

Berreskuratze lanak

Ibilbidea, ordea, ez da beti erraza izan 60 urteko bidai honetan. XIX. mendearen hasieran, Aita Frai Bartolome dantzarien aurka agertu zen arren, herriko dantzariek gogor eutsi zioten beren zaletasunari. Hala ere, garai horretarako hainbat dantza galdu egin ziren, batez ere Korpus egunean eta jai nagusietan egiten zirenak. Xemeingo ezpata-dantza bera ere ozta-ozta egon zela gogoratzen dute, baina gazte talde baten ikerketa lan sendoei esker, dantza hura berreskuratzea lortu zen.

Geroago, Gerra Zibilaren garaian, urte haietan ezarritako debekuen ondorioz, herrian dantzatzeari erabat uztera behartu zuten. Eta guda ostean, Segundo Olaeta musikari ezagunak Artibai taldea sortu zuen San Miguel ezpata dantza berritu bat plazaratuz herritarren aurrean. Baina zoritxarrez Olaetak Markinatik alde egin zuenean, tamalez, dantza talde hau desagertu egin zen.

Urte batzuk igarota, Arretxinagako ezpata dantza berreskuratzea lortu zen Agustin Ugartetxea, Juanito Onaindia eta Bernardino Larruskainen laguntza eta bultzadari esker. Ondoren, Arretxinagako Mikel Deuna dantza taldea sortu zen eta urte batzuetan zehar herriko plazetan dantzari aritu ziren.

Ikastolatik nazioarteko agertokietara

Azken 50 urte baino gehiagotan, Zerutxu dantza taldeak hartu du dantza zaletasun honen lekukoa eta gidaritza. Zerutxu berez ikastola bezala sortu zen hasieran. Ikastola horren baitan, ordea, euskal dantzak ere erakusten ziren, Euskal Herriko zein udalerriko ohitura eta folklorearekin batera.

Denborak aurrera egin ahala, eta Zerutxu dantza taldeko haurrak nagusitzen joan ziren heinean, taldeak indar eta proiekzio handia hartu zuen. Indar horri esker, nazioarteko folklore jaialdietan parte hartzera ere heldu ziren, Markina-Xemeingo izena eta euskal kultura mugetatik kanpo zabalduz. Felipe Amutxastegi izan zen azken urteetan taldearen arduradun nagusia, lan eskerga eginez.

Momentu honetan, bertan dantzari izandako gazte talde batek hartu du Zerutxuren gidaritza eta ardura. Proiektu honetan sinisten duten eta bere ezagutza belaunaldi berriei erakusteko prest dauden gazte ugari daude herrian. Horrela hasi da Zerutxuren garai berria: tradiziotik abiatuta, modernitaterako bidea eginez.

60. urteurrena ospatzen

Zerutxu dantza taldeak Euskal Herriko txoko ezberdinetako dantza errepertorio izugarria barneratu eta landu du bere historian zehar eta gaur egun, taldeak osasun ezbairik gabea du.

Dantzetako batzuk Markina-Xemeinen berezkoak dira, eta urteetan zehar mantendu egin dira, hala nola Xemeinen ezpata dantza edo mahai gaineko dantza, betiere tradizionalenak baztertu gabe, adibidez Soka dantza, Lekeitioko Kaixarranka, Lanestosa, Bizar-dantza, Sagar dantza edo Sorgin dantza.

Gaur egun guztira 100 dantzari inguruk osatzen dute taldea, zazpi taldetan banatuta. Talde horietan entseguak adinaren arabera antolatzen dira, haur eta gaztetxoetatik hasi (6 urtetik aurrera) eta nagusien talderaino.

Urteurren borobil honen harira, ekintza berezi ugari burutu dituzte urtean zehar, hala nola libertimendua, bazkari herritarra eta kittukin dantzaldia barne hartu zituen Zerutxuko 60. urteurreneko egun handia. Hala ere, ospakizunak ez dira horretan geratuko eta hitzordu garrantzitsuak dituzte aurretik, maiatzaren 23an Umien Dantzari Eguna ospatu ondoren , urriaren 17an nagusien dantza saio berezia eskainiko dute eta, urtea borobiltzeko, argazki erakusketa bat antolatuko dute herritar guztien gozamenerako.

2026-09-05T19:01:53+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo