Aizarnazabalgo jaiak ostiralean abiatuko dira, eta bost eguneko egitarauak adin guztietako herritarrentzako jarduerak izango ditu.
Musika, pilota, herri kirolak, haurrentzako ekitaldiak eta herri-afariak izango dira jaietako osagai nagusiak.
Bandera jartzea
Ostiralean, 19.30ean, emango zaie hasiera ofiziala festei, txupinazoarekin eta bandera jartzearekin Aizarnzabalen.
Ondoren, buruhandiek hartuko dituzte kaleak. 21.00etan herri afaria egingo da, eta, afalostean, Bide Batez taldearen dantzaldia izango da.
Pilota, mus eta eskoba
Larunbatean, kirolak hartuko du protagonismoa. 11.30ean, XVI. Joxe Larrarate pilota memoriala jokatuko da. Lehen partidan Natale Aranburu eta Olatz Ruiz de Larramendi Nerea Aldaregaia eta Naroa Agirreren aurka arituko dira; bigarrenean, berriz, Aritz Olaizolak eta Mikel Carmanzanak Xabat Sasiain eta Iker Elizegiren aurka jokatuko dute.
Arratsaldean, 17.00etan, XV. Mus eta Eskoba Txapelketa izango da. 19.00etan, Sakatu elektrotxarangak girotuko ditu kaleak, eta gauean Gozategi eta Elepunto DJa arituko dira, 23.00etatik aurrera.
Artzain Txakur Txapelketa
Igandea ere ekitaldiz beteta dator. Egunari 10.00etan emango zaio hasiera, herriko trikitilarien dianarekin.
11.00etan XVII. Artzain Txakur Txapelketa egingo da, eta bertan "Pupi" eta Bittor Bengoetxea, "Beltx" eta Inazio Irakulis, "Zeru" eta Asier Dakosta, "Jack" eta Pello Segurola, "Turbo" eta Manuel Gorriti eta "Thor" eta Iñaki Irigoras izango dira lehian.
Umeen danborrada eta herri kirolak
12.30ean, umeen danborradaren txanda izango da. Arratsaldean, 18.00etan, herri kirol jaialdia egingo da. Aizkoran, 18 urtez azpiko hiru aizkolari gipuzkoarren arteko errebantxa izango da: Jon Zaldua, Jakes Iruretagoiena "Izeta V."a eta Eneko Esnaola.
Aizkolarien arteko lehian, berriz, Ugaitz Mugertza eta Andoni Iruretagoiena "Izeta IV".a arituko dira.
Harri-jasotzaileen erakustaldian Mikel Lopetegi "Urra", Unax Iruretagoiena "Izeta VII".a, Maddi Gesalaga eta Udane Ostolaza izango dira.
Jaialdiaren amaieran, Ansorregi eta Larrañaga trikitilariek hartuko dute lekukoa.
Asteleheneko egitaraua
Jaiak ez dira igandean amaituko, eta astelehenean ere izango da zer egin.
Goizean, 10.00etatik 13.00etara, puzgarriak izango dira, eta ondoren apar festa.
Arratsaldean, 15.30etik 17.00etara, puzgarriek jarraituko dute. 17.00etan txokolatada egingo da eta 18.00etan bingo musikatuaren txanda izango da. 19.30ean Oilar Beltzak taldeak joko du, eta afalondoan Jotatxo DJak girotuko du gaua.
San Migel Eguna
Asteartean, San Migel Egunean, iritsiko dira jaietako azken ekitaldiak. 10.00etan, herriko trikitilarien dianarekin hasiko da eguna. 11.30ean San Migel eguneko meza izango da, eta 12.00etan 40. Sagardo eta Bolo Txapelketa egingo da. Arratsaldean, 18.00etan, sardina jana izango da plazan, Laja eta Alabier trikitilariek girotuta.
Azkenik, 21.00etan emango zaie amaiera Aizarnazabalgo jaiei, bandera kentzearekin eta bertso eskolako umeen bertsoekin.