Gipuzkoa

EH Bilduk Mikel Arruti proposatu du Lezoko alkategai izateko

Gaur egungo alkatea 2023ko udal hauteskundeetan ere izan zen koalizioaren zerrendaburua.
Mikel Arruti, EH Bilduko alkategaia.
Mikel Arruti, EH Bilduko alkategaia. / N.G.

EH Bilduren Lezoko Mahai Politikoak Mikel Arruti Salaberria proposatu du 2027ko udal hauteskundeetan koalizioaren alkategai izateko. Hauteskundeak maiatzaren 23an egingo dira, eta proposamena azaroaren 5ean jakinarazi zuen tokiko Mahai Politikoak.

Hautagaitza proposatzeko arrazoien artean, Arrutik orain arte EH Bilduren proiektuari egindako ekarpena nabarmendu du udal egiturak. Izan ere, 2023ko udal hauteskundeetan ere bera izan zen koalizioaren zerrendaburua, eta EH Bilduk babes zabala lortu zuen Lezon. Urtebete geroago egindako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, berriz, koalizioa lehen indarra izan zen herrian.

Mahai Politikoak bereziki azpimarratu ditu Arrutiren gertutasuna, konpromisoa eta ibilbide politikoa. Haren esanetan, herria sakon ezagutzen du, eta harreman estua du bertako eragileekin eta herritarrekin. Ezaugarri horiek funtsezkotzat jo ditu herritarren beharrei eta kezkei erantzuteko eta Lezoren etorkizuna herritarrekin batera eraikitzen jarraitzeko.

Legegintzaldi honetako bideari jarraitzeko asmoa

EH Bilduk datozen urteetako erronkei "ilusioz eta gogoz" heltzeko asmoa duela adierazi du. Koalizioaren arabera, legegintzaldi honetan abiatutako bideari jarraitu nahi dio, orain arte egindako lanean sakonduz eta urrats berriak eginez. Helburua, azaldu duenez, Lezo gero eta bizigarriagoa, bidezkoagoa eta herritar guztientzat hobea izango den herria eraikitzea da.

Lezoko Mahai Politikoaren iritziz, Mikel Arruti Salaberria da proiektu horri jarraipena emateko pertsona egokia, bere esperientzia, herriarekiko konpromisoa eta herritarrekin lan egiteko gaitasuna direla medio.

Etiquetas
2026-11-09T19:26:16+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo