Gipuzkoa

Mundualdiak Usurbilgo jatorri aniztasuna ospatuko du larunbatean

Frontoian hogei bat postuk munduko hainbat herrialdetako jakiak eskainiko dituzte
Mundualdiaren aurkezpena. / Noaua

Usurbilgo jatorri aniztasuna erdigunean jarriko du beste behin Mundualdiak. Larunbat honetan, azaroaren 7an, egingo dute urteroko festa frontoian, aisia, gastronomia eta musika uztartzen dituen egitarauarekin. Herriko jatorri desberdinetako bizilagunen arteko topaketa eta elkar ezagutzea sustatzea du helburu ekimenak.

Egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizean, 10:00etatik aurrera, familia-jarduera egingo dute Zirimararen eskutik. Bertako eta beste hainbat jatorritako familiek elkarrekin jolasteko eta harremanak sendotzeko aukera izango dute.

Arratsaldean, berriz, gastronomiak hartuko du protagonismoa. 18:00etatik aurrera, ohiko jaki-dastaketa egingo dute frontoian. Antolatzaileek hogei bat postu inguru aurreikusi dituzte, munduko hainbat txokotako gastronomia ezagutzeko aukera emango dutenak. Besteak beste, Sahara, Nikaragua, Mongolia, Nigeria, Venezuela, Ekuatore Ginea, Mauritania eta Kolonbiako jakiak dastatu ahal izango dira.

Herrialde bat baino gehiago batzen dituzten postuak ere izango dira. Hala, Kuba, Ukraina eta Euskal Herria elkartuko dituen postua jarriko dute, eta Polonia eta Argentina batuko dituen beste bat ere izango da.

Kolonbiako doinuak eta dantzak

Jaki-dastaketaren ondoren, musikak eta dantzak girotuko dute frontoia. Aurtengoan, Kolonbiako kulturak izango du protagonismo berezia, bi talderen eskutik.

Batetik, Walter Sanchezek salsa izango du ardatz bere emanaldian; bestetik, Asociación Cultural Integración Sin Fronteras elkarteak Kolonbiako dantzen erakustaldia eskainiko du.

Urtero bezala, Mundualdiak herriko jatorri aniztasuna ospatzeko eta kulturarteko harremanak sustatzeko topagune izan nahi du, herritarrei beste kultura eta ohitura batzuk ezagutzeko aukera emanez.

Etiquetas
05/11/2026