Gipuzkoa

‘Hi bai artista!’ egitasmoak Usurbilgo ondare artistikoa ikasgeletara eramango du

Herriko horma irudi eta eskulturen museo irekia ezagutarazteko ikasleei egokitutako programa sortu dute
Material didaktikoaren aurkezpena. / N.G.

650 Usurbil Bizi turismo proiektuak herriko ondare artistikoa hezkuntza komunitateari hurbiltzeko proposamen didaktiko berria aurkeztu du. Hi bai artista! izeneko egitasmoa Arazi taldearen laguntzarekin garatu da, eta Usurbilgo kaleetako artea ikaskuntza tresna bihurtzea du helburu.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak aurkezpenean azaldu zuenez, 650 Usurbil Bizi egitasmoa 2022an abiatu zen, herriaren identitatea, balioak, ondarea eta proiektu eraldatzaileak ardatz dituen turismo eredua sustatzeko asmoz. Usurbil herri bihurtu zenetik 650 urte bete zirela abiapuntu hartuta, herria ulertzeko eta ezagutzeko hainbat ikuspegi identifikatu zituzten herriko eragileekin egindako partaidetza prozesu baten bidez. Guztira 14 “Usurbil” definitu ziren, eta urte hauetan guztietan horietako bakoitza garatzen joan dira.

Egitasmo horren barruan kokatzen da Usurbil Museo Irekia, herriko ondare artistikoa ezagutarazteko sortutako bisita gidatuen programa. Solaberrietaren hitzetan, Usurbil “artez betetako herria” da, eta kaleetan bertan aurki daitezke euskal kulturaren aztarna ugari. Herrian zehar sakabanatuta dauden horma irudiak eta eskulturak dira horren adibide. Besteak beste, Irantzu Lekue, Judas Arrieta, Jose Luis Zumeta, Remigio Mendiburu eta Koldobika Jauregi Gorriti bezalako sortzaileen lanak aurki daitezke herriko espazio publikoetan.

Bisita gidatuak ikasleekin

Azken urteetan ikastetxeek eskatuta hainbat bisita gidatu egin dituzte ikasleekin, batez ere DBHko taldeekin. Esperientzia horien emaitza positiboa ikusita, material pedagogikoa egokitu eta ikasleentzat propio diseinatutako programa sortzea erabaki zuten. Horretarako, Araziren laguntza izan dute, eta azken hilabeteetan Hi bai artista! egitasmoa garatu dute. Proposamena probatzeko hainbat saio pilotu ere egin dituzte adin desberdinetako ikasleekin.

Egitasmoak bi atal nagusi ditu. Lehenik, ikasleek Usurbil Museo Irekia ezagutzeko ibilbide gidatua egingo dute, herriko artelanak eta espazio esanguratsuenak bisitatuz. Ondoren, Potxoenean tailer praktiko bat egingo dute, ikusitakoa eta bizitakoa sormenaren bidez lantzeko.

Saioen bidez, artearen hizkuntza eta adierazpen artistikoa lantzeaz gain, bestelako gaitasunak ere sustatu nahi dira: sormena, ahozko komunikazioa, talde-lana, entzute aktiboa, pentsamendu kritikoa eta herriko ondarearekiko errespetua. Nerea Ibañezen, Arazi taldeko kidearen, esanetan, egitasmoa gaur egungo hezkuntza ikuspegiarekin bat dator, ikaslea bere ikaskuntza prozesuaren erdigunean jartzen duelako.

Material didaktikoa hezkuntza etapa bakoitzera egokituta prestatu dute. Hala, Lehen Hezkuntzako hiru zikloetarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren zikloetarako proposamen espezifikoak sortu dira. Gainera, jarduera ez da egun bakarreko esperientzia gisa ulertzen; irakasleek aurretik eta ondoren ikasgelan lantzeko baliabideak ere izango dituzte, ikaskuntza prozesua sakontzeko.

Sustatzaileen arabera, Hi bai artista! egitasmoaren balio nagusietako bat da herria bera ikasgela bihurtzea. Horrela, plazak, muralak, eskulturak eta kaleak ikaskuntzarako espazio bilakatzen dira, eta ikasleek artea ez dute museo baten barruan soilik aurkitzen, baizik eta euren eguneroko ingurunean, komunitatearen memorian eta herriko bizitzan bertan.

08/06/2026