Actualizado hace 5 minutos
Arabako Arte Ederren Museoak Fantasia eta arrazoia erakusketa inauguratu du asteartean, maiatzaren 19an, eta 2027ko otsailera arte egongo da ikusgai. Erakusketak lehen aldiz bildu ditu Francisco de Goya pintore espainiarraren lau estanpa serie handiak: Kapritxoak, Gerraren hondamendiak, Tauromakia eta Burugabekeriak.
Ana del Val Arabako Aldundiko Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak eta Sara Gonzalez de Aspuru Arabako Arte Ederren Museoaren arduradunak aurkezpenean azaldu dutenez, artelanok 2022an sartu ziren Arabako museoaren bilduman, Juan Celaya Letamendi Fundazioak Arabako Foru Aldundiarekin zituen zerga zorrak gauzatan ordaintzeko edo zorrak kitatzeko emanda. Dokumentazio, katalogazio, azterketa eta zaharberritze prozesu arduratsu baten ondoren, estanpak batera aurkeztuko dira lehen aldiz, eta publikoari "Goyaren jeinuaren ikuspegi osoa" eskainiko diote.
Serie bakoitzak gizartearen eta giza izaeraren alderdi desberdinak islatzen ditu: 'Kapritxoak' serieak (1799) ezjakintasuna, superstizioak, zenbait estamenturen bizioak eta nagusikeria kritikatzen ditu; 'Gerraren hondamendiak' serieak (1810-1815) Espainiako Independentzia Gerran izandako gatazka belikoko tragediak, indarkeria eta heriotza erakusten ditu; 'Tauromakia' serieak (1816), begirada kritikoaren eta teknika finaren bidez, zezen jaiaren gaiari heltzen dio eta jardueraren berezko indarkeria nabarmentzen du; 'Burugabekeriak' serieak (1815-1824) Goyaren azken etapako sormen askatasuna islatzen du, bai eta anbiguotasuna, gizarte kritika eta giza izaerari buruzko gogoeta ere.
Serieetako hiru lehenengo edizioak dira -Kapritxoak, Gerraren hondamendiak eta Burugabekeria'; Tauromakia, berriz, bigarren edizioa da. Horri esker, grabatu teknikaren garapenari antzeman dakioke: akuafortea lehenbizi, urtinta ondoren, eta punta lehorra azkenik.
Arte Ederren Museoak antolatu duen erakusketak Jose Manuel Matillaren eta Aldundiko Zaharberrikuntza Zerbitzuaren laguntza izan du. Zaharberrikuntza Zerbitzuaren lana funtsezkoa izan da erakusketa paregabe hau egin ahal izateko.