Dena prest Elgoibarren eta Mendaron Trinitate jaiak ospatzeko hurrengo egunetan.
Trinitate Azoka Berezia
Elgoibarko Trinitate jaiak zapatuan hasiko dira. 9.00etan XII. Pintura Lehiaketa egingo dute, eta eguneko hitzordu nagusietako bat XXIII. Trinitate Azoka Berezia izango da, Aita Agirre plazan.
Bertan, herriko baserrietan ekoitzitako produktuak eta hainbat animalia ikusi ahal izango dira.
Aldaketak Helduen Danborradan
12.00etan Basatxerri txerri-pintxoen dastaketa egingo dute Lekueder parkean, eta ordu berean Elgoibarren egindako sagardoaren dastaketa-lehiaketa hasiko da.
Eguerdian baserritarren bazkaria izango da. Arratsaldean, 18.00etan, Mauxitxa txarangaren kalejira hasiko da, eta 23.00etan Trinitate bezperako danborrada egingo dute.
Aurten, lehen aldiz, Latuna Bando txarangak jarriko du musika, Elgoibarko Udal Musika Bandaren ordez.
“Udal musika bandarekin urtero eduki ditugu desadostasunak, eta partaideen gehiengoak ez du danborradan parte hartu nahi; hori dela eta, aldaketa egin dugu. Mauxitxarekin ere jarri ginen harremanetan, baina ezin zuten”, adierazi zuten Atabal elkartetik, aldaketaren arrazoiak azaltzeko.
Sokamuturra eta Umeen Danborrada
Igandean, Trinitate Egunean, 7.45ean hasiko dira ekitaldiak dulzaineroen dianarekin. 8.00etan egingo dute sokamuturra Saka ganadutegiarekin.
Aurten aldaketak daude ibilbidean. San Frantzisko iturriaren inguruko obren ondorioz, King-Kong eta Maala parkearen arteko eremuan eta Kalegoen plaza inguruan egingo dute.
10.00etan XXXI. Artisautza Azoka zabalduko dute Lekueder parkean, eta 11.00etan meza nagusia egingo dute. 12.00etan Haurren Danborrada hasiko da kaleetan, eta 17.30etik aurrera kalejira egingo dute erraldoi, buruhandi eta zezen-zikletekin.
Trinitate jaiak Mendaron
Mendaron ere Trinitate Eguna ospatuko dute igandean. 10.30ean txistularien kalejira egingo dute, eta 12.00etan meza izango da Mendaroko eta Itziarko abesbatzekin.
Ondoren, herri-kirol erakustaldia egingo dute Goizeder Abendibar harri-jasotzaileak eta Arkaitz Etxebeste zein Ugaitz Mugertza aizkolariek. Amaieran, trikitilariek giroa alaituko dute.