Buscar
Bizkaia

Bermeok helduentzako antzerki tailerrak antolatu ditu beste urte batez

Saioak Eneritz Artetxeren gidaritzapean egingo dira urritik ekainera bitartean, eta izena emateko epea irailaren 7tik 30era arte egongo da zabalik Berhaz bulegoan zein egoitza elektronikoan
Izen ematea irailaren 7an hasiko da
Izen ematea irailaren 7an hasiko da / Bermeoko Udala

Actualizado hace 3 minutos

Herritarren artean antzerkizaletasuna sustatu eta euskarazko sorkuntza-lanari bidea eman asmoz, Bermeoko Udalak, Euskara Sailaren bitartez, helduentzako antzerki tailerra antolatu du beste urte batez. Ekimen honen bidez, aurreko urteetan egindako lanari jarraipena eman nahi zaio, eta, aldi berean, antzerkiaren bidez euskarazko sorkuntza artistikoa eta herritarren adierazpenerako gaitasunak indartu.

Izena emateko epea irailaren 7an zabalduko da, eta interesa dutenek irailaren 30era arte eman ahal izango dute beren izena, Berhaz bulegoan edo udalaren egoitza elektronikoan. Tailerra 16 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago, bereziki antzerkigintzan interesa dutenei eta beren komunikazio-gaitasunak landu nahi dituztenei; matrikulak 115 euroko prezioa izango du.

Antzerki tailerra urritik ekainera bitartean eskainiko da, asteazkenetan, 19.30etik 21.30era, Gizarte eta Kultura Etxean. Saioak Eneritz Artetxe aktore eta sortzaile ezagunaren gidaritzapean egingo dira. Prestakuntza-aldian, parte-hartzaileek antzerkigintzaren oinarrizko hainbat alderdi landuko dituzte, hala nola gorputz- eta ahots-adierazpena, pertsonaien lanketa, erritmoa, inprobisazioa eta testuak.

Ikaskuntza prozesu hau guztiz praktikara bideratuta egongo da. Ariketa ezberdinen bidez landuko dira edukiak, eta eskuratutako tresnak eszenan bertan aplikatuko dituzte parte-hartzaileek. Horrela, antzerkiaren mundura hurbiltzeaz gain, norberaren komunikazio-gaitasunak, sormena eta talde-lana garatzeko aukera paregabea izango dute.

Bestalde, Bermeoko Udalak aurreratu du Gabonetan gaztetxoei zuzendutako antzerki tailerra ere antolatuko duela, antzerkiaren inguruko kultura-eskaintza adin-tarte ezberdinetara zabaltzeko asmoz.

Argibide gehiago nahi izanez gero, herritarrak Berhaz bulegora hurbil daitezke edo Euskara Sailarekin harremanetan jar daitezke (94 617 91 22 / 688 84 73 47 edo euskera@bermeo.eus).

2026-09-02T12:49:59+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo