Bergarako lan munduan euskara sustatzeko sortutako 'Harixa' ekimenak indartzen jarraitzen du. Azken bost atxikipenekin, 43 entitatek sinatu dute jada hitzarmena Udalarekin. Astearte honetan Gamak, Infordelta, Irudinet, Bergarako notariotza eta FBS informatika aholkularitza batu dira egitasmora.
Bergarako Udaletik azaldu dutenez, "hitzarmen honen bitartez, enpresek euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa hartzen dute, lan mundua euskarazko eremu bilakatzeko helburua partekatuz". Gainera, ekimenera batu direnek "ezaugarri berezi bat" dutela ere adierazi dute udal arduradunek, "herriko enpresa eta norbanakoentzako zerbitzu-emaileak" direla, eta ondorioz, "haien hizkuntza funtzionamenduan eragin" egiten dutela, hain justu.
"Elkarri lagunduz bidea egiten jarraituko dugu"
Testuinguru honetan, Bergarako alkate den Gorka Artolak "eskerrak" eman dizkie sinatzaileei, hitzarmenaren garrantzia azpimarratuz: "'Harixa' hitzarmenaren bidez, elkarri lagunduz bidea egiten jarraituko dugu, eta zuen atxikimenduak argi uzten du Bergaran euskarak duen leku nabarmena".
Ekimen hau herriko enpresa sarearen lankidetzatik sortu zen. 'Harixa' hitzarmenak euskararen erabilera sustatzeko baliabideak eskaintzen ditu, enpresei hizkuntza-plangintzan lagunduz eta euskarazko lan-dinamika indartuz.