Actualizado hace 5 minutos
Aulesti prest dago irailaren 16tik 20ra bitartean ospatuko diren Santa Eufemia jai handietan murgiltzeko. Horretarako, adin guztietako publikoari zuzendutako egitarau zabala eta anitza prestatu dute; non tradizioak, herri kirolak, aldarrikapen sozialak eta musika kontzertuek bat egingo duten.
Jaiak irailaren 16an, asteazkenez, hasiko dira. ume eta gaztetxoentzako bola joko topaketarekin, eta 12.00etan meza nagusia eta poniak egongo dira goiko zelaian. Eguerdiko 13.30ean, 'Herri txikiak bizirik' lemapean konzentrazioa deitu da, eta jarraian, 14.00etan, 6tik 12 urtera arteko umeen irrintzi botatzea lehiatuko da. Arratsaldean, txapel jaurtiketa txapelketak (16.30ean umeentzat eta 18.00etan nagusientzat) eta Izarra eta Gorka trikitilarien erromeriak girotuko dute zelai ingurua. Eguna amaitzeko, festak herriko plazara egingo du jauzi 20.30ean Trikidantz taldearen eskutik.
Irailaren 17an abentura jolasak antolatu ditu Leaktibaik parkean 17.00etan. Hurrengo egunean, irailaren 18an, ostiralean, gaueko kontzertu nagusiak izango dira jaiei indarra emateko. Egun horretan 22.30etik aurrera eta doan, oholtza gainera igoko dira Brigade Loco, Uda eta Altxa Porru taldeak. Gau horri begira, Lea-Artibaiko herri guztietatik Gababusa zerbitzua egongo da erabilgarri joan-etorria ziurtatzeko, bai eta Bizkaibus zerbitzu bereziak ere Lekeitiotik eta Gernikatik.
Festak irailaren 20an, igandean, bukatuko dira. Egun horretan, 12.45ean, 45. Ermitara Igoera hasiko da -igoera herrikoien ligarako puntuagarria-; gizonezko zein emakumezkoen lehenengo biei 90 euro eta txapela emango zaizkie, eta marka orokorra gainditzen duenak 60 euroko sari gehigarria jasoko du. Eguerdiko 14.00etan 36. Irrintzi Txapelketa nagusia egingo da (85 euro eta txapela irabazlearentzat), 16.00etan Kittu taldeak musika jarriko du eta, azkenik, 17.00etan Bizkaiko 35. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketak emango dio amaiera jaiegunari.