Araba

Arabako gizarte zerbitzuetako jardunbide egokien BeBai 2026 sarietarako proposamenak aurkezteko epea ireki dute

Jardunbide egokiak aitortzeko deialdi berri honek 2025eko edizioak utzitako arrastoarekin jarraitu nahi du
Arabako gizarte zerbitzuetako jardunbide egokien BeBai 2026 sarietarako proposamenak aurkezteko epea ireki dute. / Utzitakoa

Arabako Hirugarren Sektore Sozialeko erakunde pribatu eta publikoek eta gizarte arloan lan egiten duten enpresa pribatuek proposamenak aurkez ditzakete jada gizarte zerbitzuetako jardunbide egokien BeBai sarien 2026ko deialdira. Ekimenaren helburua da publikoki baloratzea erakundeek lurralde historikoan egoera zaurgarrian bizi diren pertsonen eta kolektiboen bizi kalitatea hobetzeko egiten dituzten ahaleginak.

Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Gizarte Politiken Sailak bultzatutako aitorpenen seigarren edizioa da, eta bere helburua da nabarmentzea arlo sozialean egiten den lan ona, esperientziak erakustea eta lurraldean esku hartzen duten eragile guztien nortasun partekatua eraikitzea, gizarte kohesionatuago, bidezkoago eta solidarioago baterantz aurrera egiteko. Era berean, parte hartzea sustatu nahi da, eta arretaren arloko jardunbide egokien ideiak eta ekimenak orokortu, bai eta erakundeetan ikerketa kultura bultzatu ere.

Proposamenak 2026ko abenduaren 15era arte aurkeztu ahalko dira, eta informazio guztia https://web.araba.eus/eu/gizarte-zerbitzuak/jardunbide-egoki... web orrian kontsulta daiteke.

Gizarte zerbitzuen arloko jardunbide egokitzat jotzen dira Araban 2025ean edo 2026an egindako proiektuak, jarduketak edo esperientziak, baldin eta giza harremanetan oinarritzen badira, arreta hurbilagoa eta kalitatezkoa emateko funtsezko elementu gisa, erabiltzaileak, profesionalak eta senideak ondo zainduta senti daitezen. Gainera, komunitatea inplikatu eta herritarren parte hartzea sustatu behar dute, ikuspegi hurbil eta komunitarioarekin.

Proiektua jardunbide egokiaren adibide dela adierazten duten adierazle gisa baloratuko dira Gizarea arretarako foru ereduarekin lotutako elementuak. Arabako Foru Aldundiak bultzatutako eredu horrek gizarte zerbitzuetako harremanetan oinarritutako arretaren aldeko apustua egiten du. Ikuspegi horren arabera, zerbitzu bat kalitatezkoa da inplikatutako pertsona guztiek -erabiltzaileak, profesionalak eta familiak- segurtasun, kidetza, jarraitutasun, helburu, ongizate eta aintzatespen sentsazioak dituztenean.

Eredu hori behar bezala aplikatzeko, beharrezkoa da proiektuei denbora ematea, ez bakarrik martxan jartzeko, baita emaitzak kalitateari dagokionez egiaztatzeko ere. Hori dela eta, BeBai aitorpenen hurrengo ekitaldia 2027ko lehenengo hiruhilekoan egingo da. Horri esker, aurkeztutako proiektuek datu objektiboagoak eman ahal izango dituzte erabiltzaileengan, profesionalengan eta senideengan duten eraginari buruz.

Jardunbide egokiak aitortzeko deialdi berri honek 2025eko edizioak utzitako arrastoarekin jarraitu nahi du. Bertan, Ikirikik eta Azirkarte Gizarterako Elkarteak, Aspace Arabak, Orobide egoitzak, Aguraingo osasun mentaleko jardunaldiek, IRSE Arabak eta Sartu Arabak eta Gasteizko Udalak eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak bultzatutako hainbat proiektu saritu ziren.

01/06/2026