Buscar
Gipuzkoa

Zumarragako Eitzaga auzoan San Isidro jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan

Ostiralean, meza, hamaiketakoa, txokolatada, erraldoiak eta afari herrikoia izango dira
Buruhandiak, iazko jaietan.
Buruhandiak, iazko jaietan. / Asier Zaldua

Actualizado hace 4 minutos

Ostiralean Zumarragako Eitzaga auzoko San Isidro jaiak hasiko dira. Larunbatean eta igandean ere hainbat ekitaldi izango dira.

Ostiralean zaindariaren eguna ospatuko dute. 11.00etan meza izango da auzoko ermitan. Ondoren, Irrika elkarte gastronomikoak hamaiketakoa eskainiko die auzoko jubilatuei. Hamaiketakoa ermitako arkupean izango da.

18.00etan txokolatada egingo dute. Gainera, Iratzarri dultzainero taldeak eta Urretxuko erraldoiek auzoko kaleak girotuko dituzte. 19.30ean txosna irekiko dute eta Joseto ta Alayak elektrotxarangak auzoko kaleetan joko du.

21.30ean afari herrikoia egingo dute. Tiketak 25 euroan jarri dituzte salgai, Eitza eta Korta tabernetan eta Endaia okindegian. Afariaren ondoren bingoan jokatuko dute.

Musika Ostiraleko azken ekitaldiak txosnaren gunean izango dira. Gauerdian Itzal erromeria taldeak joko du eta ondoren bertaratuek DJ Xagardorekin dantza egingo dute.

Larunbaterako ere makina bat ekitaldi antolatu dute. 12.00etan toka txapelketa jokatuko dute San Gregorion. 13.00etatik aurrera Trapalata txarangak auzoko kaleetan joko du. Arratsaldean bi ekitaldi izango dira: 17.00etan haurren krosa hasiko da eta 20.00etatik aurrera Joselontxos txarangak auzoko kaleetan joko du. Krosean parte hartu nahi duten haurrek 16.30etik aurrera eman ahal izango dute izena. 14 urtera bitarteko haurrek parte hartu ahal izango dute.

Larunbateko ekitaldiekin bukatzeko, 23.30etik aurrera Iratzar erromeria taldeak txosnagunean joko du.

Azken ekitaldiak igandean izango dira. 10.00etan Zumarragako Antxiñako Ama txistulari taldeak diana joko du auzoko kaleetan. 11.00etan meza egingo dute auzoko ermitan. Meza Urretxu eta Zumarragako Goiargi abesbatzak girotuko du.

12.00etan ere musika izango da: Zumarragako musika bandak Eitzagako kaleetan joko du. Bazkaldu aurreko ekitaldiekin bukatzeko, 13.00etik aurrera ZU Dantzaz taldeak dantzaldia egingo du. Urretxu eta Zumarragako dantzari beteranoek San Gregorion dantza egingo dute.

Eitzagako Jai batzordeak bi ekitaldi antolatu ditu igande arratsalderako. 17.00etan gaztetxoek pilota partidak jokatuko dituzte, Beloki pilota eskolak antolatuta. Pilota partidak Eitzagako pilotalekuan jokatuko dira, eguraldi ona egiten badu. Eguraldi txarra egiten badu, berriz, Zumarragako Beloki pilotalekuan jokatuko dira. Bukatzeko, 19.00etatik aurrera Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak auzoko kaleak girotuko ditu.

2026-05-14T08:10:09+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo