Martxoaren 8a dela-eta, Iurretak egitarau anitza antolatu du emakumezkoaren ekarpenak eta lana mahaigaineratzeko xedez. Dagoeneko, herriko hainbat gunetan kakorratzez egindako lanak jartzen ari dira kaleak kolorez betetzeko eta, era berean, feminismoa ehuntzeko lana irudikatzeko.
Zorione Fundazuri Ongizate eta Berdintasuneko zinegotziak azaldu digun moduan, herritarren eta elkarteen partehartzea izan da egitarauaren ardatza.
Ekimenak hilabete guztian zehar egingo dira, eta, horien artean, mural baten pintaketa eta emakumezkoak literatura eta landa eremuetan egin duen lana eta ekarpenak partekatzeko saioak aurkitzen ditugu, baita emakumeen oroimenak, esperientziak eta kontakizunak jasotzen dituen "Memoria bizia, memoria kolektiboa" topaketa ere, besteak beste.