Actualizado hace 38 segundos
Usurbilgo Udalak Santueneko erdigunea eta Gure Elkartea taberna eraberritzeko bi aurreproiektu aurkeztuko ditu datorren asteazkenean, maiatzaren 20an, 18.30ean, auzoko frontoian egingo den saio ireki batean. Bi proposamenak auzotarren ekarpenak kontuan hartuta landu dira, eta Udalaren esanetan, helburua da auzoaren eguneroko beharrei erantzutea, irisgarritasuna, bizikidetza eta zaintza komunitarioa indartuz.
Santueneko erdigunea berritzeko proiektua berriki onartutako IUPI Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integralaren barruan kokatzen da, eta Santuenean aurrez egindako Auzo Planaren ondorioetan oinarritzen da. Udalak azaldu duenez, urbanizatutako eremua berritzeko neurriak hiru fasetan gauzatuko dira, eta orain aurkeztuko dena lehenengo faseari dagokio.
Lehen jarduketa horretan, eskubaloi pistaren eta haur parkearen ondoko errepidea kendu egingo dute, eta espazioa plataforma bakarrean berrantolatuko da. Horrekin batera, espaloiak berritu eta irisgarritasun baldintzak hobetu nahi dituzte, oinezkoentzako mugikortasuna erraztuz eta espazio seguruagoa sortuz. Proiektuak, gainera, belaunaldien arteko harremanak sustatzeko neurriak ere aurreikusten ditu, auzoaren erabilera soziala eta komunitarioa indartzeko asmoz.
Gure Elkartea taberna
Bestalde, Gure Elkartea taberna izandakoa eraberritzeko aurreproiektua ere landu du Udalak. Azken urtean egindako bileretan, bai jubilatuen elkartearekin bai Santuenea Kultur Elkartea-rekin, agerian geratu zen espazioaren egungo eredua berritzeko beharra zegoela. Horren ondorioz, tabernaren erabilera eta funtzio soziala berriz definitzeko prozesua abiatu zen.
Udalak gogorazi du joan den udazkenean tabernaren behin-behineko kudeaketa esleitzeko prozesua martxan jarri zuela, obrak egin bitarteko epe motzerako. Interesa piztu bazuen ere, esleipena hutsik geratu zen azkenik, eta ordutik itxita dago lokala.
Aurreproiektua idazteko, hainbat bilera egin dira Santueneko eragileekin, eta “auzo-zaintzaren begiradatik” irudikatu dute etorkizuneko tabernaren eredua. Udalaren arabera, espazioak ez luke ostalaritza zerbitzu hutsa izan behar; auzoko harremanak, topaketa eta zaintza komunitarioa sustatzeko gune ere bihurtu nahi dute.
Bi proiektuak lotura zuzena dute azken hilabeteetan Santuenean martxan jarritako Hurbilduz egitasmoarekin. Aginagan abiatutako esperientziaren bidetik, Usurbilgo Udalak eta Zabalduz Kooperatibak auzo-zaintza eredua lantzen hasi dira Santuenean ere, arreta eta zaintza publiko-komunitarioa indartzeko helburuarekin.
Zaintzaren hiru lan ildoak
Egitasmoak hiru lan ildo nagusi ditu. Lehenik, auzoko 80 urtetik gorako herritarrak eta haien beharrak identifikatzea. Bigarrenik, nahi eta behar dutenekin bizi plan pertsonalizatuak osatzea, bakoitzaren egoerara egokituta. Eta, azkenik, komunitate mailako lanketa egitea, auzoko zaintza sareak sendotzeko edo berriak sortzeko aukerak aztertuz.
Udalaren arabera, proiektua joan den abenduan hasi zen lehen urratsak ematen, eta ordutik komunitate mailako lanketa martxan da. Orain, banakako arreta faseari ekingo diote, herritarren beharrei gertutik erantzuteko helburuarekin.
Maiatzaren 20ko aurkezpenaren bidez, Udalak Santueneko bizilagunekin partekatu nahi ditu orain arte landutako proposamenak, eta etorkizuneko erabakiak ere modu parte-hartzailean eraikitzen jarraitzeko asmoa agertu du.