Buscar
Gipuzkoa

Urretxuko Urrelur museoak emakume zientzialariek kimikaren arloan egindako ekarpenak nabarmenduko ditu

Mineral eta fosilen museoak jolas bat ere prestatu du
Aurkezpenean parte hartu duten lagunak.
Aurkezpenean parte hartu duten lagunak. / N.G.

Actualizado hace 8 minutos

Urrelur mineralen eta fosilen museoan ikaskuntza digitala eta abentura batzen dituen egitasmoa eta emakume zientzialarien ekarpena ezagutzeko balioko duten kimika saioak aurkeztu dituzte.

Aurkezpen ekitaldian Jon Luqui alkateak, Javier Aguado museoaren sustatzaileak eta jolasa prestatu duen Artelatz enpresako Juan Unzuetak parte hartu dute. Jolasarekin museoak beste pauso bat eman nahi du dibulgazio eta hezkuntza lanetan, bere edukia espazio fisikotik harago zabalduz. Museora joan aurretik webgunetik pasatzen direnek, Urretxun aurkituko dutena hobeto barneratuko dute.

Eduki didaktiko digital interaktiboa LHko ikasleei zuzendua dago bereziki, baina publiko orokorrarentzat ere erakargarria delakoan daude. Helburua jakin-mina piztea, museoa bisitatzera animatzea eta ikastetxeei baliabide pedagogiko berriak eskaintzea da, museoko bisitaren aurretik zein ondoren ikaskuntza sakontzeko aukera emanez. “Azken urteetako esperientziak erakutsi du bisitari askok ez dutela garbi zer museotara doazen edo non dauden. Horregatik, aurkezten den proposamenak museoa lehenagotik ezagutzeko ateak ireki nahi ditu”, azaldu du Unzuetak.

Webguneko atal berriak (Urretxu.eus webgunean, Urrelur museoaren barruan, Bizi Urrelur abentura!) jarduera interaktiboak eta jolasa ditu.

Aurkezpenean Museoen Egunaren inguruan antolatutako ekitaldien berri ere eman dute. Maiatzaren 21ean, 17.00etatik 19.00etara, zientzia saioak egingo dituzte. 6 eta 12 urte arteko haurrek parte hartu ahal izango dute. Emakume zientzialariek kimikaren arloan egindako ekarpenak nabarmenduko dituzte, esperimentu praktiko eta dibertigarrien bidez.

Izena ematen duten haurrek hiru saiotan parte hartuko dute: hare mugikorra (fluido berezia, kolpatzen denean gogorra eta kontu handiagoz ukitzen denean likidoa), sua eskuan (su berezia eskuan eutsi daiteke) eta elur artifiziala (urarekin, elurraren antzeko materiala sortzen da). Izena emateko urrelur@urretxu.eus helbide elektronikora idatzi behar da.

Mineralogia eta paleontologia txangoa ere antolatu dute. Burgosko Lorara eta Merindadeetara joango dira, larunbatean. Hurrengo egunean itzuliko dira. Plaza guztiak bete dira: 38 lagun joango dira.

Horretaz gain, Aguadok udazkeneko Mineralogia eta Paleontologia Asteko protagonistetako bat burdina izango dela aurreratu du. “Burdinarekin eta egurrarekin lan egiten duten artistak ekarriko ditugu. Gorka Salmeron, Juan Mari Burguera eta Ricardo Mediavilla legazpiarrak etorriko dira”, esan du.

2026-05-13T19:35:11+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo