Actualizado hace 3 minutos
Urretxuarrek atzo eman zituzten amaitutzat Santa Anastasia jaiak. Giroa bikaina izan da:festarako eguraldi ona, jende asko, giro ona...
Jaietako lehen eguna (ostirala) triste esnatu zen, ordea, Iñaki Kerejetaren heriotza dela eta. Kerejeta txistulari taldeko kidea zen eta herriko beste hamaika ekimenetan ere parte hartu zuen:herriko Olentzero, Irrintzi taldeko txistularia eta Elikagaien Bankuko kidea izan zen.
Eta festazalea, noski. Hala, festak Kerejeta gogoan ospatu dira. Ostiral arratsaldean, haurrentzako eta gazteentzako ekitaldiak eta musika izan ziren nagusi. Atsolorra egin zuten, lehen aldiz: iaz jaiotako haurrei ongi etorria egin zieten.
Iluntzean pregoia eta txupinazoa izan ziren. Jubilatu berri diren edo jubilatzear diren udal langileek eman zieten hasiera Urretxuko jaiei: Miren Castillok, Aitor Mendiarazek eta Juanjo Sagastibeltzak (Patxi Lazkano ere parte hartzekoa zen, baina ezin izan zuen).
Gauean musika izan zen nagusi, kalean eta txosnetan. Larunbat goizeko ekitaldi nagusia Urretxuko baserrietako ganadu erakusketa izan zen. Horretaz gain, Kresala taldeak dantza ikuskizuna egin zuen.
Arratsaldean xake txapelketa, idi probako bigarren saioa eta gastronomia lehiaketa jokatu ziren. Xake txapelketa Bilboko Conteneo klubeko Juan Manuel Ruizek irabazi zuen. Bigarren postuan Elgoibarko Zubiondo klubeko Markel Kerexeta sailkatu zen eta hirugarrenean Beasaingo Alfil taldeko Sergio Bellosillo. Herriko onena Legazpiko Santikutz klubarekin jokatzen duen Unai Elias izan zen.
15 urte azpikoen mailan Abadiñoko taldeko Mohamed Ademi nagusitu zen. Bigarren Azkoitiko Anaitasuna Kakute taldeko Luken Pascual izan zen eta hirugarren Galdakao taldeko Kimetz Benito.
Las fiestas de Urretxu, en imágenes
Idi probari dagokionez, Asier Izagirre Ipiñarrietaren idiak nagusitu ziren. Bigarren postuan Ander Aizpuru Olalderenak sailkatu ziren, hirugarrenean Iker Zubillaga Igeldorenak eta laugarrenean Iñaki Irigorasenak. Debekua zela eta, Zumarragako jaietako proba ezin izan zen jokatu. Buzkantza Egunean jokatuko da. Buzkantza Egunean ere larunbateko lauek neurtuko dituzte indarrak. Bi egunetako markak batuko dira eta hiru onenak Santa Lutzi eguneko finalera pasako dira.
Gastronomia lehiaketan, plater onenari saria Inspector Chinchilla kuadrillak irabazi zuen eta aurkezpen onenari dagokiona Haize Berri kuadrillak.
Larunbat arratsaldeko ekitaldi hunkigarriena txistularien alardea izan zen. Iñaki Kerejetari eskaini zioten, noski. Alardearen aurretik hileta elizkizuna izan zen eta amaieran txistulariek Agur jaunak jo zuten.
Alardearen hasieran, berriz, Iñakiren txistua, danborra eta Olentzero jantzia jarri zituzten eszenatokian eta txistulariek loreak eskaini zizkioten. Gauean kontzertu jendetsuak izan ziren Gernikako Arbola plazan eta txosnetan.
Igandean Euskal Jaia ospatu zuten. Ekitaldi nagusia, urteroko moduan, ibilaldia izan zen. Karroza lehiaketa LKPT kuadrillak irabazi zuen. Ikusleen saria 2001 kuadrillak irabazi zuen.
Sari banaketaren ondoren herri bazkaria egin zuten eta festa astelehen goizaldera arte luzatu zuten, musikarien laguntzarekin. Atzo, zezentxoak eta musika ekitaldiak izan ziren nagusi. Jaiak kantu afariarekin amaitu ziren.