Urriaren 31ko gauak tradizio luzea du Urnietan. Usadio horri eutsi eta hura berreskuratzeko asmoz, Salestarrak-Magale ikastetxeak Gau Beltza ospatuko du larunbatean, urriaren 31n. Egitaraua 18.30ean hasiko da, Etxeberri plazan, eta handik San Joan plazarainoko ibilbidea egingo dute parte-hartzaileek. Behin plazara iritsita, hainbat jardueratan parte hartzeko aukera izango da: beldurraren tunela, saria-ziria jolasa, gaztainak eta txokolatea, eta bestelako sorpresak.
Ikastetxetik gogorazi dutenez, ekimena ikasleen artean Urnietako historia eta tradizioak ezagutarazteko sortu zen. "Urnietan bertan antzinatik datorkigun usadioa dela jakinik, gure ikasleak motibatzeko, gure historia ezagutarazteko ideia otu zitzaigun", azaldu dute. Horrez gain, herriaren parte diren heinean, ospakizuna herritar guztiei zabaltzea izan dute helbur. Hala, gerturatzen den orok izango du festan parte hartzeko aukera.
Udazkenetik negura
Udazkenetik negurako trantsizioak, egunak laburtzearekin eta iluntasuna nagusitzearekin batera, hainbat erritu eta ospakizun ekarri izan ditu Euskal Herrian eta Europako beste hainbat tokitan. Uzta bilketa, urtearen amaiera eta hildako senideen oroimena izan dira, besteak beste, garai honetako ohituren ardatzak. Aldi berean, heriotzaren eta iluntasunaren inguruko iruditeriak beldurra eta jolasa uztartzeko aukera eman izan du.
Jarduerak direla eta, hainbat errepide itxita egongo dira urriaren 31n, 18.00etatik 21.00etara, gutxi gorabehera. Zehazki, Etxeberri plazako biribilgunetik San Joan plazarainoko errepidea eta Maximo Yurramendiko errepidea itxiko dituzte.