Actualizado hace 6 minutos
Adimen artifizialak testuak sortu, itzulpenak egin eta programatu egiten du abiadura bizian. Baina gai al da bertso baten metrika eta grazia josteko? Horri buruz asko daki Xabier Arregik, informatikako doktorea, EHUko HiTZ zentroko ikertzailea eta euskararen teknologiaren aitzindaria. Datorren asteartean, 19.00etan, Zarauzko Modelon egingo den Bertsozientzia saioaren atarian, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta ZarautzOn elkarteak antolatuta, adimen artifizialaren josturak eta mugak aztertu ditugu berarekin.
Ekitaldi berezi honetan, bertako gai zientifikoak jorratuko dituzte berarekin batera Arantzazu Luzarraga arkitektoak eta Jon Gardoki geologoak, Kike Amonarrizen gidaritzapean eta Andoni Egaña zein Eli Pagola bertsolarien eskutik bertsora ekarrita.
Adimen artifizialaren eboluzioa
Zenbat aldatu da mende hasieratik ordenagailuek euskal metrika ulertzeko duten gaitasuna?
Mende hasieratik hona sekulako aldaketa gertatu da adimen artifizialean. Duela hamabost bat urtetik hona, sare neuronaletan oinarritutako ikasketa sakona erabiltzen denetik, sekulako jauzia egin dute adimen artifizialeko ereduek eta aplikazioek, eta gai dira hainbat ataza bikain egiteko. Euskal bertsoen metrika ondo ulertu eta erabiltzeko ezintasuna zuten lehengo sistemek, baina, gaitasunak gaitasatun, oraingoek ere badituzte zailtasunak.
Algoritmo batek errimatzea eta silabak kontatzea matematika hutsa da azkenean. Baina "sentimenduetara" joanik: lor al dezake AI batek bertsolari baten ironia, ziztada edo buru-arintasuna izatea?
Adimen artifizialeko sistemak imitatzaileak dira. Beren helburua da adimena erabiltzen den zereginetan gizakion portaera imitatzea. Gaur egun, eginkizun gero eta gehiagotan, gizakiak lortzen dituen emaitzen parekoak lortzen dituzte, adibidez, itzulpenak egiten. Ongi diozun bezala, eredu matematiko bat dute oinarrian, eta bertsolariek berezkoa duten azkartasuna, ironia, eta zirtoetarako gaitasuna imitatzen saiatu, saia litezke, baina hori lortzea ez da batere erraza.
“ ”
Adimen artifiziala eta euskara
AA eredu handiak hizkuntza nagusietara bideratuta daude, ezta? Zein egoeratan dago euskara testu sortzaileak edo bertsoak egiteko orduan?
Euskarak duen egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, egoera onean dago, nahiz eta, noski, ez dagoen munduko hizkuntza ahaltsuenen mailan. Oro har, presentzia duina dugu munduko sistema komertzial ezagunetan, eta, gainera, bertako teknologia sortzeko gai garela erakutsi dugu. Esate baterako, gurea bezalako komunitate batek baliabide eta laguntza publikoen bidez Latxa bezalako hizkuntza-eredu bat sortzea ezohikoa da. Hori posible da badugulako jende oso prestatua eta konprometitua, eta badugulako ikerketa-zentroen eta gune teknologikoen sare indartsua. Euskarazko bertsoei dagokienez, esan beharra dago eginkizun oso zaila dela. Hizkuntza-eredu ahaltsuek ere zailtasun handiak dituzte euskarazko bertso egokiak sortzeko.
AAk euskara ez galtzen laguntzen du, ala kontrakoa?
Adimen artifizialak badu potentziala euskararen normalizazioan laguntzeko. Teknologiak erraztu egiten ditu hainbat hizkuntza-praktika. Adibidez, orain arazorik gabe bidal daitezke euskarazko mezuak talde bati, hartzaileren batek euskaraz ez badaki ere, mezu hori erraz ekar daitekeelako nahi den hizkuntzara. Aukerak eskaintzen ditu adimen artifizialak, baina arriskuak ere baditu: esparru teknologikoan erdal hizkuntzak nagusituz gero, erabiltzaile euskaldunok ere erdaretara jo dezakegu erosotasunak eta ohiturak eraginda.
Nola erreakzionatzen dute bertsolari beteranoek aurrerapen hauekin eta hauek azaltzen dizkiezuenean?
Ez dakit bertsolarien artean uste edo iritzi bateraturik badagoen. Berrikuntzak sorrarazten duen kilika eta jakin-min hori izango dute seguru asko, baina uste dut bertsolari gehienek pentsatuko dutela bertsolaritzaren esentzia pertsonen arteko komunikazioa dela, eta hor errealitatea interpretatzeko moduak, mezu berritzaile eta kritikoek, umoreak eta emozioek agintzen dute. Espazio horretan tresna teknologikoak albokotzat hartuko dituztelakoan nago, ez inola ere giza bertsolariaren ordezkotzat.
AA mehatxu bat bezala ikusten duzu tradizioarentzat, ala bertso-eskola eta ikaskuntzarako laguntza erabilgarri gisa?
Ez dut uste adimen artifizialak bertsolaritza arriskuan jarriko duenik. Aldiz, beste jarduera askotan bezala, tresna lagungarriak eta osagarriak ekar ditzake; esate baterako, errimen lanketan, gaiak asmatzeko prozesuan, bertso-eskoletako jolasen eta ariketen diseinuan, eta abar.
“ ”
Adimen artifiziala eta beldurrak
Kaleko jendearen beldurra da AAk lanpostuak suntsitzea edo giza sormena ordezkatzea. Arrisku justifikatua da, inposatua ala exageratua?
Lanpostuen galera ekarriko duela maiz entzuten da, bai. Eta egia da aldaketa handia ekarri duela jadanik, eta are handiagoa ekarriko duela etorkizunean. Lan egiteko moduak aldatzearekin batera, lanpostu batzuen ordez beste batzuk sortuko dira. Sormenari ere eragingo dio, bistan da.
Makinek idatzi, pentsatu edo guretzat lan sortzailea egiten utziko bagenu, arriskuan legoke pentsamendu kritikoa?
Uste dut horretan datzala adimen artifizialaren arrisku handienetako bat. Pentsatzea, are kritikoki pentsatzea, landu egin behar da, horretan ere trebatze etengabea behar da. Sortzeko eta pentsatzeko zeregina adimen artifizialaren esku uzten badugu, gerta liteke gure gaitasun horiek kamustea eta makaltzea. Aberasgarria izan daiteke tresna lagungarri gisa egoki erabiltzen bada, baina kaltegarria gure ordezkotzat hartzen badugu.
Makinak eta sentimenduak
Ba al dago gizakiok daukagun zerbait, AA batek inoiz berdin-berdin imitatu edo berdindu ezingo duela ziur zaudenik?
Adimen artifizialeko sistemek gaitasun handiak dituzte gaur egun, eta teknologiak aurrera egin ahala, pentsatzeko, arrazoitzeko eta inguruarekin interaktuatzeko ahalmena hazi egin egingo da. Baina sentitzea bada gizaki bizidunon ezaugarria, eta ikusiko ditugu itxurak egiten, baina benetan sentitzen ez.
Modelo Aretoan Andoni Egaña eta Eli Pagola izango dituzue alboan. AA bat haien aurka lehiatzera jarriz gero une honetan, zer gertatuko litzatekeela uste duzu?
Onena Zarauzko Modelo Aretora joan eta bertan ikustea izango da.