Gipuzkoa

Urnieta: 160 dantzari Egape taldearen jaialdiaren 20. urteurrena ospatzeko

Erromeria erraldoia antolatu dute larunbatean belaunaldi desberdinetako partaideekin
Egapeko belaunaldi desberdinetako dantzariak.
Egapeko belaunaldi desberdinetako dantzariak. / N.G.

Actualizado hace 8 minutos

Urnietako Egape dantza taldeak modu berezian ospatuko du aurten Urnieta Dantzan jaialdiaren 20. urteurrena. Orain arte Gazte Festen barruan egin izan den ekitaldiak formatu berria izango du aurten, eta Urnieta Erromerian izena hartuta, egun osoko ospakizun handi bihurtuko da larunbatean, maiatzaren 23an. Antolatzaileek azaldu dutenez, helburua da urte hauetan guztietan taldearen parte izan diren dantzari, musikari eta herritarrak elkartzea eta herri giroko erromeria handi baten bidez komunitatea ospatzea.

Leire Ibarbiak, zuzendariak, eta Edu Muruamendiaraz irakasleak Urnietako Udalaren webgunean azaldu dute urteurrenak “urte hauetan guztietan parte izan diren kideei omenalditxo bat egiteko” balio nahi duela. Horregatik, jaialdia astebete aurreratu dute aurten, berezko espazioa izan dezan.

Egitaraua

Eguna 11.00etan hasiko da, Ierdi plazan egingo duten topaketarekin. Handik kalejira abiatuko da, Lourdes Iriondo musika eskolako kideek, trikitilariek eta txarangak lagunduta. Etxeberri plazan geldialdia egingo dute dantzarako, eta ondoren Idiazabal kalean barrena ibiliko dira, “sortzen den giroaren arabera inprobisatuz”.

Eguneko une nagusia 12.30ean izango da, San Juan plazan. Bertan bost pieza eskainiko dituzte: Marizulo, Egibilla, Urnieta 400, Eteneta eta Mulisko. Koreografiak zuzeneko musikarekin lagunduko dituzte Txanbolin txistulari bandako eta musika eskolako kideek. Muruamendiarazek nabarmendu du Urnietak “altxor handia” duela musika eta dantzaren arloan, eta eskerrak eman dizkie Ana Belen Garciari, Kristina Solanori eta Antton Jauregiri emanaldia prestatzen egindako lanagatik.

Oholtza gainean guztira 160 lagun inguru elkartuko dira. Taldeko dantzari ohietatik 60-65 lagunek eman dute izena urteurreneko emanaldirako, eta horiei gehituko zaizkie gaur egun Egapen dabiltzan LH3tik gorako ikasleak. Guztira, 8 eta 70 urte bitarteko dantzariak ariko dira parte hartzen.

Emanaldi nagusiaren ostean, bazkaria egingo dute Plazido Muxika plazan. Arratsaldean, 17.00etan, plaza-dantzak izango dira Joseba Arretxe & Iruzta taldearekin, eta eguna amaitzeko, 19.30ean, Itzal taldearen dantzaldia izango da San Juan plazan. Antolatzaileek herritarrei baserritarrez jantzita gerturatzeko gonbita egin diete, erromeria giroa indartzeko.

Historia

Gogorazi dutenez, Egape dantza taldea 2007an sortu zen ofizialki, nahiz eta dantza eskolak lehenagotik martxan egon. Muruamendiarazek gogoratu du 30 urte daramatzala taldean irakasle lanetan, eta lehen urratsak Edurne Arzelusekin batera eman zituela. Taldearen sorrera, berriz, herriko sei amak bultzatu zuten: Maria Sandonis, Axun Fernández, Ane Loinaz, Ixabel Salaberria, Jaione Jauregi eta Koro Berasategi. Hasierako bultzada hari 80 gurasoren babesa gehitu zitzaion.

Bi hamarkadatan, Egape ezinbesteko eragile bihurtu da herriko jai eta ospakizunetan, eta Urnietatik kanpo ere aritu da, besteak beste Gasteizen, Galizian eta Katalunian. Taldearen berezitasunetako bat da euskal dantza tradizionala oinarri hartuta koreografia berriak sortzea eta musika garaikideetara egokitzea. “Kolore asko nahasten ditugu”, azaldu du Muruamendiarazek.

Gaur egun 5 eta 18 urte arteko 142 ikasle ditu taldeak,eta azken urteotan Plus eta Gazteak taldeak ere sortu dituzte, helduen eta gazteen jarraipena bermatzeko. Taldearen mailaren erakusgarri da Aukeran Dantza Konpainiako bederatzi dantzarietatik zazpi Egapetik igaro izana, baita urte hasieran Developpe nazioarteko lehiaketan euskal dantza arloan lortutako lehen saria ere.

Urteurreneko ospakizunari begira jarrita daude orain taldeko kideak. “Egun borobil bat izatea nahi dugu”, laburbildu dute.

2026-05-20T14:42:59+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo