Actualizado hace 3 minutos
Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, ostegunean, uztailaren 9an, tenperaturak berdintsu jarraituko du, zenbait lekutan maximoak igo daitezkeen arren. Barnealdean beroa egingo du berriro, batez ere hegoaldean, eta kostaldeko giroa epelagoa izango da.
Eguzkitsu egongo da, baina arratsaldean bero-hodeiak ugarituz joango dira eta egunaren amaieran zaparrada trumoitsuak egin ditzake. Goiz erditik aurrera iparraldeko haizea ibiliko da, arratsaldean bolada gogorrekin hegoaldean.
Hiriburuetan, Baionan 21 gradu espero dira gutxienez eta 28 gehienez, Bilbon 21 gutxienez eta 29 gehienez, Donostian 20 gutxienez eta 27 gehienez, Gasteizen 16 gutxienez eta 35 gehienez eta Iruñean 21 gutxienez eta 37 gehienez.
Itsasbazterrean, goizaldean eta goizean goiz hego/hego-ekialdeko haizea ibiliko da 2ko indarrarekin, eta gainerako orduetan ipar-osagaikoa 2-3koarekin; egunaren lehenengo partean itsaso kizkurra eragingo du, eta bigarrenean itsaskirria. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 0,5 metro inguruko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 01:06an eta 12:34an izango dira, eta itsasbehereak 06:10ean eta 18:41ean. Uraren tenperatura 23 gradukoa da eta ikuspena hamar kilometrotik gorakoa izango da.
Hala, zerua hodei gutxirekin egongo da, Kantauri isurialdean behe-hodeiekin, batez ere kostaldean eta goizean goiz eta arratsalde-gau partean. Egunaren bigarren zatian bero-hodeiak garatuko dira. Arratsalde-gau partean zaparrada txiki ertainak eta trumoitsuak egin ditzake; baliteke zenbait lekutan txingorra egitea. Goizaldean eta azken orduetan haize ahula eta aldakorra ibiliko da, gainerako orduetan ipar-ekialdekoa ibiliko da, bolada gogorrekin arratsaldean, batez ere Araban; arratsalde-gau partean kostaldean ipar-mendebaldera aldatuko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez. Tenperatura maximoak gutxi igoko dira.