Araba

Tartalo Fantasiazkoaren Astea Arteetan nazioarteko ekitaldiaren laugarren edizioa egingo da Gasteizen azaroan

Tartalo Fantasiazkoaren Astea Arteetan nazioarteko ekitaldiaren laugarren edizioa egingo da Gasteizen azaroaren 17tik 21era
Tartalo Fantasiazkoaren Astea Arteetan nazioarteko ekitaldiaren laugarren edizioa egingo da Gasteizen azaroan. / Utzitakoa

Tartalo Fantasiazkoaren Astea Arteetan nazioarteko ekitaldiaren laugarren edizioa egingo da Gasteizen azaroaren 17tik 21era, fantasiazkoari lotutako ikerketa, dibulgazio eta sorkuntza artistikoari eskainitako kultur topaketa.

Aurkezpenean azaldu dutenez, bost egunez, fantasiazkoak literaturan, zineman, arte bisualetan, musikan, diseinuan, historian, filosofian eta herri kulturan dituen adierazpen anitzetan interesa duten espezialista, artista, ikertzaile eta publiko orokorraren topagune bilakatuko da Gasteiz berriro ere.

Ekitaldiaren inaugurazio ofiziala azaroaren 18an izango den arren, egitaraua astelehen honetan bertan hasiko da 'Tolkien's Magic' izenburuko Anke Eissmann ilustratzaile alemaniarraren erakusketaren irekierarekin. Eissmann nazioarteko ilustratzaile ezagunenetarikoa da Tolkienen unibertsoaren bere errepresentazioei esker.

Erakusketa Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Letren Fakultatean egongo da ikusgai, eta, Tartaloren aurtengo edizioaren proposamen erakargarrienetarikoa izateaz gain, Tolkienen Erdialdeko Lurraldera egungo bere interpretatzaile nagusienetariko baten eskutik gerturatzeko aukera ere izango da.

Tartaloren inaugurazio ofiziala azaroaren 18an izango da, Artium Museoan, eta bertan izango dira J.J. Benitez idazlea eta Jim Casey, David Higgins eta P.J. Matthews ikerlari ezagunak. Egun horretan bertan, 'Brujas y brujería' mahai ingurua egingo da, Toti Martinez de Lezea, Gorka Hermosa eta Eneko Zabalaren parte hartzearekin.

Ekitaldiaren hitzordu nagusienetakoa J.J. Benitezek EHUko Letren Fakultatean emango duen 'Misterio y Ciencia Ficción' hitzaldia izango da; ondoren, bere liburuak sinatuko ditu. Gainera, Felix Linaresek aurkeztuko duen 'El gabinete del Doctor Caligari' filma emango dute, zuzeneko musikaz lagundurik.

NAZIOARTEKO PRESENTZIA

Tartaloren 2026ko edizioak nazioarteko presentzia nabarmena izango du. Horrela, Gasteizen izango dira Janina Ramirez Erresuma Batuko kultura dibulgatzaile garrantzitsuenetarikoa, Richard Buxton Bristoleko Unibertsitateko klasizista, literatura fantastikoaren, mitoaren eta egungo kulturaren ikerketan erreferenteak diren Jim Casey, David Higgins eta P.J. Mathews, eta Jon Juaristi idazle, saiakeragile eta akademikoa, zeinak mito, kultura eta sorkuntza artistikoaren arteko harremanaren inguruko topaketa eta eztabaidetan parte hartuko duen.

Beste ekintza garrantzitsu bat moda, dantza, ilustrazioa, ikerketa akademikoa eta arte bisualak bezalako arlo ezberdinetako pertsonaiak bilduko dituen sortzaile eta artisten topaketa izango da. Parte hartzaileen artean, Igor Yebra, Anke Eissmann, Janina Ramirez eta Tomas Hijo daude. Azken hau, egungo fantasiazko ilustrazioaren ikur nagusienetariko bat izateaz gain, Tolkienen unibertsoaren barruan nazioarteko presentzia handiena duen artista espainiarra ere bada.

Imaginario fantastikoen ilustrazioari, grabazioari eta zabalpen bisualari emandako aparteko ibilbide artistikoaren aitorpen bezala, Tomas Hijok 2026 Tartalo Saria jasoko du, hots, ekitaldiak ematen duen aitorpen nagusia. Bere lana ezinbestekoa izan da J.R.R. Tolkienen eta fantasiazkoari lotutako beste hainbat tradizioen ondarea publiko orokorrari heltzeko garaian, erreferente bilakatuz mundu osoko irakurle eta bildumagileentzat.

Urtero EHUko Letren Fakultatean egiten den nazioarteko kongresu akademikoak, familientzako ekintzek, Santa Isabel hilerriaren inguruko misterio eta elezaharren ibilbideek, Buesa Arenatik igorriko den 'La cueva de Tartalo' podcastaren saio berezi batek eta SILOÉ, La M.O.D.A eta Nacho Pistachoren musika izango duen amaiera galak osatuko dute egitaraua.

27/10/2026