Actualizado hace 2 minutos
Gasteizko Montehermoso Kulturuneak Rock On Top programa jarriko du abian bosgarren urtez, eta aurtengo edizioan lau dokumental proiektatuko dira jatorrizko bertsioan, 2026ko Azkena Rock Festival jaialdia dela-eta hirian izango diren lau taldetan oinarrituta: 'Super Duper Alice Cooper' (maiatzak 27), 'Bunch of Kunst. A Film About Sleaford Mods' (ekainak 3), 'Big Easy Express' (ekainak 10) eta 'No somos nada' (ekainak 17). Proiekzioak Montehermoso Kulturuneko Ortuño aretoan izango dira.
Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntzako zinegotziak azaldu duenez, "ziklo honen helburua publikoa rockaren izar gogokoenen bizitzara hurbiltzea da, ikuspegi zinematografikotik, eta rockumental edo dokumental musikalaren balioa nabarmentzea, genero horrek gero eta presentzia handiagoa baitu Cannesen, Venezian edo Berlinen. Hain zuzen ere, horietako asko zinemagile ospetsuek zuzendu izan dituzte, hala nola Martin Scorsesek, Jim Jarmushek, Jonathan Demmek edo Wim Wendersek".
Emanaldiak 19:00etan hasiko dira eta sarrera doakoa da, baina gonbidapena behar da, eta Montehermosoko webgunean edo Gasteizko Udalarenean eskuratu ahal izango da asteazkenetik, maiatzaren 20tik. Montehermosoko 945 161 830 telefonora deituta ere eskuratu ahal izango da, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 21:00etara.
Gainera, bigarren urtez, dokumentalak ikustera doazenek Azkena Rock Festival jaialdirako bi esperientzia bikoitzen zozketan parte hartu ahal izango dute, bat ekainaren 19rako, eta bestea ekainaren 20rako. Saridunak Mendizabaleko esparrura joan ahal izango dira, haiek aukeratutako laguntzailearekin, eta 'backstage tour' batez eta egun horretarako programatutako bandez gozatu ahal izango dute.
Zozketa Montehermoso zikloaren azken emanaldia egingo da ('No somos nada', maiatzaren 17an), proiekzioaren ondoren, Montehermoso Kulturuneko Ortuño aretoan, 21:00ak aldera. Zozketaren oinarriak Montehermosoko eta Gasteizko Udalaren webguneetan daude ikusgai.
Gainera, Rock On Top programaren barruan, Gorka Urbizuren 'Hasiera bat' diskoaren sormen prozesuari buruzko 'Janela: leiho bat Gorka Urbizuren unibertsora' erakusketa programatu du Montehermosok. Lan "sotil eta oso delikatu" honekin, artistak bakarkako bideari ekin dio, 25 urtez Berri Txarrak taldearen buru izan ondoren. Maiatzaren 28tik ekainaren 28ra arte egongo da ikusgai lehen solairuko aretoan.