Actualizado hace 5 minutos
Zumarragan Adineko Pertsonen Astearen bosgarren edizioa ospatuko dute ostegunetik aurrera. Zumarragako Adineko Pertsonen Kontseiluak eta Udalak egitarau zabala prestatu dute urriaren 1ean ospatzen den Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunaren harira.
Zortzi egunez, kultura, prestakuntza, gizarte eta aisialdiko jarduerak egingo dira herrian. Egitarauaren helburua adinekoek gizarteari egiten dioten ekarpena aitortzea da, udalerriko bizitzan aktiboki parte har dezaten sustatzea eta elkartzeko nahiz bizikidetzarako guneak eskaintzea.
Ostegunean hasiko da, 80 urtetik gorako pertsonen egunarekin. 12.30ean 80 urtetik gorako pertsona guztiei eskainitako meza egingo da parrokian. Ondoren, elkarrekin bazkalduko dute Azokako arkupeetan eta bazkalostean dantza egingo dute DJ batek girotuta.
Ostiralean eskulan eta artisautza lanen erakusketa egingo dute Azokako arkupeetan, 11.00etatik 13.30era eta 17.30etik 19.30era. 20.00etan Me Vale Madre txarangak pintxo-potea girotuko du Euskadi plazan eta Jai Alai, Iparragirre eta Piedad kaleetan.
Larunbatean, urriaren 1eko ibilaldian parte hartzeko izen-ematea egingo da. Interesa dutenek 11.00etatik 13.00etara eman ahal izango dute izena Euskadi plazan, Itarte etxearen parean. Arratsaldean, 18.00etan, Jolaseneak dinamizatutako mahai jokoen saioa egingo da Azokan.
Musika izango da protagonista igandean. 11.30ean, Musikai taldeak, Secundino Esnaola musika eskolako emakumeen taldeak, zarzuela emanaldia eskainiko du Azokan. 18.00etan, berriz, dantzaldia izango da Izazpiko kantxa estalian.
Osasunarekin eta ongizatearekin lotutako jarduerek ere izango dute lekua egitarauan. Irailaren 28an, astelehenean, 17.30ean, Ion Ibarguren Osa, Zumarragako anbulatorioko odontologoak, Ahoa zaintzeak ez du adinik hitzaldia egingo du. Ondoren Raquel Miñon eta Ana Arazabalek, ESIko diru kontuen arduradunek, Osasuna zenbakitan hitzaldia egingo dute. Bi saioak Zelai Arizti kultur etxean izango dira.
Irailaren 29an, asteartean, Zumarraga Lagunkoia aurkeztuko da Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldia 11.30ean izango da. Arratsaldean, 15.30etik 17.30era, bihotz-biriketako bizkortze ikastaroa emango da Antonino Oraan.
Egun berean, 18.30ean, Calle Malaga filma emango dute Zelai Arizti aretoan. Maryam Touzanik zuzendutako filmaren aktore nagusiak Carmen Maura, Marta Etura eta Ahmed Boulane dira. Filmak Maria Angelesen istorioa kontatzen du. 79 urteko emakume espainiarra da, bakarrik bizi da Tangerren eta erabat errotuta dago hirian. Madrildik iritsitako alabak betidanik bizi izan den etxebizitza saldu nahi duenean, ordea, haren egunerokoa erabat aldatuko da.
Irailaren 30ean, asteazkena, Zilarrezko Harizko Esprinta egingo da Zelai Arizti kultur etxean, 9.30etik 13.30era. Astea urriaren 1ean, osteguna, amaituko da, Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunarekin. 11.30ean Zumarragako plazatik Etxeberrira ibilaldia egingo dute. Bertan hamaiketakoa egingo da. Parte hartzeko, izena eman behar da: larunbat goizean, plazan.
Bukatzeko, urriaren 1ean, 16.00etan, mahai-ingurua izango da kultur etxean. Ondoren, 17.30ean, manifestua irakurriko da eta Irri Makilak antzerki emanaldia egingo du.