Inoizko egitarau zabalenarekin dator aurten Literatur Amuak jaialdia Ondarroara. Udalak antolatutako ekimen honek, urtero modura, euskara eta sormena uztartuko ditu eta kultur adierazpide desberdinekin beteko ditu herriko hainbat txoko. Ia hilabeteko egitaraua izango da, urriaren 29tik azaroaren 22ra bitartean luzatuko dena, eta guztira 14 ekimen biltzen dituena.
Aurten, herritarrek, herriko taldeek eta eskualdeko sortzaileek izango dute protagonismo berezia. Besteak beste, Pilar Arrieta, Kaiet Bengoetxea, Mikel Etxaburu, Xabat Lertxundi, Ugaitz Alegria, Irene Aranbarri, Ainhoa Etxebarria, Nerea Gartzia, Joxemari Urteaga, Maren Basterretxea, Bertsutan, Txitxin Potxin, 100 urte Uberan, Zientziaren Giltzak, Tu-K, Artelan, Unanue Udal Musika Eskola edota ikastetxeak arituko dira elkarlanean.
Udalak euskarazko sormenaren aldeko apustu irmoa egiten jarraitzen du, herrira berton sortutako piezak ekarriz eta herriko artistei Ondarroan bertan plaza bat eskainiz. Literatur Amuak dagoeneko urteko kultur agendan ondo finkatuta dagoen jaialdia da, eta arlo desberdinetako sortzaile zein zaleei egiten die lekua: literatura, bertsolaritza, hitzaldiak, zinema, antzerkia, olerkigintza eta ilustrazioa uztartuz.
Egitaraua gaur urriak 29 hasiko da Zientziaren Giltzak elkartearen eskutik. Soinuaren zientzia. Ahots bat mila ahots narrazio musikatua eskainiko dute Maraian atria biolin jotzaileak eta Ugaitz Alegria zein Nerea Gartzia narratzaileek, 18.30ean Kofradia Zaharrean. Ekitaldi guztietara heldu ahala sartu ahal izango da, aforoa bete arte. Salbuespena bertso bazkaria da; sarrerak Turismo Bulegoan edo Antiguako Ama tabernan daude salgai.
Ohi bezala, jaialdiaren baitan programatu dira Augustin Zubikarai nobela beka lehiaketaren eta Nanoipuin lehiaketaren sari banaketak. Azaroaren 5ean, osteguna, 18.00etan hasiko da nobela beka sariketaren XXVI. edizioa. Joxemari Urteagak iazko bekatik sortutako liburua idatzi duen Ekaitz Herrera elkarrizketatuko du, Neguberria nobelaren bueltan. Horren ostean, aurtengo bekaren irabazlea ezagutzeko aukera egongo da, Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editorearen eskutik. Amaitutakoan, XV. Nanoipuin Lehiaketako sariak banatuko dira.