Actualizado hace 9 minutos
Oiartzungo herri barruko garraio publikoak geltoki berri bat du uztailaren 1etik aurrera. Xorrola autobus zerbitzuak Urkabe Bidean jarri du martxan geraleku berria, Yon Oñatibia etorbidearen eta Mendin etxadiaren artean. Horrela, udal garraio sareak 17 geltoki izango ditu hemendik aurrera.
Geltoki berria auzoko bizilagunek egindako eskaerari erantzunez sortu da. Duela hilabete batzuk herritarrek proposamena Udalari helarazi zioten, eta azterketa teknikoa egin ondoren, egitasmoa bideragarria zela ondorioztatu zuten udal arduradunek.
Agustin Lekuona Irastorza alkateordeak nabarmendu du herritarren ekarpena funtsezkoa izan dela zerbitzua hobetzeko. “Eskerrak eman nahi dizkiegu bizilagunei proposamena egin izanagatik eta tokian tokiko beharrak identifikatzen lagundu izanagatik»”, adierazi du.
Auzoak eta zerbitzuguneak eskura
Udalaren esanetan, Xorrolaren helburu nagusia Oiartzungo auzoak eta herriko zerbitzugune nagusiak elkarren artean lotzea da. Horrez gain, garraio publikoaren erabilera sustatzeko asmoz, intermodalitatea ere bultzatzen du, Ekialdebus eta EuskoTren sareekin loturak eskainiz.
Lekuonak azaldu duenez, Xorrolaren eta TaxiBusaren erabiltzaileek bidaia bakarra ordainduz irits daitezke eskualdeko beste udalerrietara, Bidasoaldera zein Donostialdera. Haren hitzetan, zerbitzuaren helburua ez da soilik mugikortasun jasangarria sustatzea, baizik eta dagoeneko martxan dauden garraio azpiegiturak ahalik eta gehien aprobetxatzea eta garraio sistema osotasunean saretuagoa izatea.
Azken urteetan, gainera, udal garraio zerbitzuak erabilera maila handia mantendu du. Udalaren datuen arabera, Xorrolak eta TaxiBusak urtean 100.000 erabiltzaile inguruko kopurua erregistratzen dute.
Bi zerbitzuen artean, Xorrola da alde handiz erabiliena, herriko auzorik jendetsuenak lotzen dituelako eta ordutegi zein maiztasun zabalagoa eskaintzen dituelako. Erabiltzaile gehienek, gainera, Mugi txartela baliatzen dute bidaiak egiteko.
Kontratu berria
Bestalde, Udalak jakinarazi du dagoeneko abiatu duela Xorrolaren garraio zerbitzua eta hornidura kontratatzeko espediente berria. Kontratu berriak gaur egungo zerbitzuari jarraipena ematea aurreikusten du, baina baita autobus berria erostea ere. Aurreikuspenen arabera, ibilgailu berria udazkenean jarriko da martxan.
Kontratuaren urteko kostua 376.000 eurokoa izango da. Hasiera batean urtebeteko iraupena izango badu ere, beste lau urtez luzatzeko aukera aurreikusten da.
Udalaren arabera, inbertsio horren bidez herri barruko garraio publikoa sendotzen jarraitu nahi dute, herritarren mugikortasun beharrak gero eta hobeto erantzuteko eta garraio jasangarriaren aldeko apustua indartzeko