Gipuzkoa

Oiartzunek euskararen larrialdiari erantzuteko herri batzarra egingo du

Larunbateko ekimena antolatu da herritarrak informatu, aktibatu eta euskararen etorkizunaren inguruan hausnartzeko
'Esnatu Oiartzun' batzarraren aurkezpena.
'Esnatu Oiartzun' batzarraren aurkezpena. / N.G.

Actualizado hace 7 minutos

Oiartzungo euskalgintzak, UEMAk, herriko hainbat eragilek eta Oiartzungo Udalak Esnatu Oiartzun herri batzarra antolatu dute larunbaterako, maiatzaren 23rako, euskarak bizi duen larrialdi linguistikoaren aurrean herritarrak aktibatzeko helburuarekin. Batzarra udaletxeko areto nagusian egingo da, 10.00etatik 13.00etara, eta herritar zein eragile guztiei irekita egongo da.

Antolatzaileek azaldu dutenez, euskararen egoerak kezka handia sortu du azken urteotan, bai Euskal Herri mailan, bai eskualdean eta baita Oiartzunen bertan ere. Horren aurrean, euskalgintzak eta erakundeek hainbat ekimen jarri dituzte martxan azken hilabeteetan: Korrika berriki igaro da Euskal Herritik, Euskalgintzaren Kontseiluak Pizkundea ekitaldia egin zuen Bilbon abenduan eta ekainean Euskaltzaleon Martxa antolatuko du Iruñean; aldi berean, UEMAk euskararen egoerari aurre egiteko lurralde estrategia propioa garatu du.

Hala ere, antolatzaileen esanetan, neurri instituzionalak eta euskalgintzaren lana ez dira nahikoak izango herritarren inplikaziorik gabe. Horregatik, maiatzaren 23ko herri batzarraren bidez, herritarrak informatu, kontzientziatu eta aktibatu nahi dituzte, euskararen etorkizuna guztion ardura dela azpimarratuz.

Egitaraua

Egitarauaren barruan, euskararen azken hamarkadetako bilakaera eta etorkizuneko erronkak azalduko dituzte, baita Euskal Herriko eta Oiartzungo euskalgintzak gaur egun martxan dituen dinamikak ere. Horrez gain, Guretik zer egin dezakegu? izeneko parte-hartze dinamika egingo dute, herritarrek euren ekarpenak eta proposamenak partekatzeko aukera izan dezaten.

Antolatzaileek gogorarazi dute azterketa soziolinguistikoek ohartarazi dutela euskararen arnasguneek desagertzeko arriskua dutela datozen hamar urteetan. Testuinguru horretan, Oiartzun bezalako udalerri euskaldunek garrantzi estrategikoa dutela nabarmendu dute, euskararen biziraupenerako eta etorkizunerako funtsezko espazio direlako.

Ildo horretan, Iñaki Iurrebaso UEMAko ikerketa arduradunaren azterketak ere izan dituzte hizpide. Haren ondorioen arabera, euskararen biziberritzeak 25 urteko indarberritze aroa izan zuen 2000. urtera arte, baina ordutik geldotze fase batean sartu da. Demografia aldaketek, arnasguneen ahultzeak eta belaunaldi berrietan hautemandako atzerakadek arrisku egoera agerian uzten dutela ohartarazi dute.

Horren aurrean, Esnatu Oiartzun ekimenaren sustatzaileek uste dute herri mailako aktibazioa ezinbestekoa dela. Korrikaren azken mezua gogora ekarriz, herritarrak parte hartzera deitu dituzte: “Euskara gara eta hemen gaude. Hemen gara eta euskaraz gaude. Aurrera goaz. Bazatoz?”.

2026-05-18T18:34:41+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo