Mundakak herritarrak eta bisitariak gonbidatu ditu Euskal Jaia 2026 ospatzera, abuztuaren 28tik 30era bitartean burutuko den egitarau zabal eta askotarikoarekin. Hiru egunez, kostaldeko udalerriak musikari, gastronomiari, kirolari eta tradizioari eskainitako jarduerak bilduko ditu, euskal kulturaren erakusgarri gisa.
Festari ostiralean, abuztuaren 28an, emango zaio hasiera, Mundakako Abesbatzaren emanaldiarekin. Kontzertua 20.00etan izango da portuan, eta eguraldi txarra eginez gero, elizan egingo da.
Hurrengo egunean, abuztuaren 29an, egitaraua 10.00etan abiatuko da Marmita Txapelketarekin, eta 11.00etan txistularien kalejirak hartuko ditu herriko kaleak. Egun berean, eguerdiko 13.00etan kazuelen aurkezpena eta sari banaketa egingo dira portu inguruan, eta jarraian, Kanta Kanta Lorue egitasmoak kantu zahar eta berriekin girotuko ditu herriko bazterrak. Eta arratsaldean, kirolak hartuko du lekukoa 18.00etan pilota partidak jokatuko baitira frontoian.
Gau partean ere festak ez du etenik izango. Horrela, 22.00etan giro ona ziurtatuta dago Argitu erromeria alaiarekin, 00.00etan Larrain Dantza herrikoia dantzatuz, eta 00.15etik aurrera erromeriaren dantzaldiari berriro ekiteko.
Euskal Jaiari amaiera emateko, igandean, abuztuaren 30ean, Mundakako Abesbatza berriro ere kalez kale kantari ibiliko da. Irteera 12.45ean izango da, meza nagusia amaitu ostean, Talatik abiatuta.
Tokiko erakundeek parte hartzeko deia luzatu diete herritar guztiei "herritarrak eta bisitariak Euskal Jaian parte hartzera eta hiru egunetarako antolatutako egitarauaz gozatzera gonbidatzen ditugu".