Buscar
Gipuzkoa

Mineralogia eta Paleontologia Astea ospatuko dute Urretxun larunbatetik aurrera

Larunbatean Jaizkibelera joango dira, txango geologikoa egitera
Aurkezpenean parte hartu zuten lagunak.
Aurkezpenean parte hartu zuten lagunak. / Asier Zaldua

Actualizado hace 10 minutos

Urriaren 24tik azaroaren 1era Mineralogia eta Paleontologia Astearen 38. edizioa egingo dute. Irteera, dokumental emanaldia, hitzaldia, argazki lehiaketa, erakusketa, bisita gidatuak, parkea eta feria izango dira.

Larunbat honetan txango geologikoa egingo dute. Jaizkibelera joango dira: bertako tertziario garaiko hareharrien ezinezko formak eta koloreak ikusiko dituzte. Javier Aguado mineralogistak eta Jose Maria Hernandez Geologia Zientzietan doktoreak egingo dituzte gidari lanak.

Datorren astean doaneko bisita gidatuak izango dira mineral eta fosilen Urrelur museoan. Astelehenetik asteazkenera ikastetxeek parte hartuko dute. Urriaren 31n eta azaroaren 1ean hiruna bisita gidatu izango dira: 11.30ean (hizkuntza, publikoaren arabera), 17.00etan (euskaraz) eta 18.00etan (gazteleraz). Museoa egunero irekiko dute.

Urteroko moduan, udaletxeko portaloian erakusketa bat egingo dute. Aurtengoa Legazpiko Burdinola elkartearekin batera antolatu dute. Burdinolaren zeregin nagusietako bat burdinak gure gizartean izan duen presentziaren berri ematea da eta Mineralogia eta Paleontologia asterako Burdinaren inguruan erakusketa prestatu dute. Burdinolako bost kideren lanak ikusi ahal izango dira: Aitor Martinez Lopez de Arbina ebanista, Juan Mari Burguera eskultore zeramikaria, Ricardo Mediavilla errementaria, Gorka Salmeron argazkilaria eta Mikel Babiano Lopez de Sabando itzultzailea.

Gainera, burdinezko eta nikelezko meteorito bat eta San Luisen Ehun Mila semeek borrokan erabilitako kanoi bala bat erakutsiko dira. Kanoi bola Iñaki Irisarrik utzitakoa da eta Salmeronen argazkiak Lenburrek utzitakoak. Erakusketa 17.00etatik 20.00etara irekiko da astelehenetik ostegunera eta 10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara ostiral, larunbat eta igandean.

Aurten ere ButaK 21 zineklubak bere ekarpena egingo dio Mineralogia eta Paleontologia Asteari: urriaren 28an, 20.00etan, Olairon dokumentala emango dute Labeaga aretoan. Dokumental horretan Bilboko burdin meatzaritzaren memoria berreskuratu dute, Miribilla auzoaren azpian dagoen Malaespera meatzea zeharkatuz. Emanaldiaren ondoren solasaldia egingo dute. Energiaren Euskal Erakundeko Alex Francok, Urrelurreko Javier Aguadok eta ButaK 21eko Javier Martinek parte hartuko dute.

Urriaren 31n, 12.30ean Urretxuko kultur etxean, Jose Antonio Azpiazu Elorza historialari legazpiarrak Euskal burdina aro modernoaren hasieran hitzaldia egingo du.

Horretaz gain, urriaren 30ean eta 31n eta azaroaren 1ean mineral, fosil eta harribitxien azoka egingo dute Ederrena pilotalekuan. Iparragirre plazan, berriz, haurrek jolasak izango dituzte: meategi batean mineralak bilatuko dute, katiuskak jarri eta errekan urrea bilatuko dute... Parkea ere urriaren 30ean eta 31n eta azaroaren 1ean irekiko da.

Bukatzeko, Urretxura hurbiltzen direnek argazki lehiaketa batean parte hartzeko aukera izango dute. Mineralogia eta Paleontologia Astean ateratako argazkiak argazkielkartea@gmail.com helbidera bidali behar dira azaroaren 4ko 12.00ak baino lehen. Antolatzaileek haurrak ere parte hartzera animatu dituzte.

2026-10-21T07:51:42+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo