Bizkaia

Markina-Xemein jai giroan murgilduko da larunbatean Xemeingo Gauarekin

Uztailaren 11n, Xemein Abesbatzaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldi berezia egingo da Zelaian eta uztailaren 15ean Alpino Artibai taldeak hasiera ofiziala emango die Karmengo jaiei bere 80. urteurrenean
Aurten Xemeingo Gaua ekitaldiaren 7. edizioa ospatuko da / Xemein Abesbatza

Markina-Xemeingo Karmen jaiak ate-joka daude eta herria prestatzen ari da uztailaren 15etik 19ra bitartean jai giroan murgiltzeko, baina prestaketa lanek eta azpiegituren muntaiak dagoeneko eragina zuzena dauka herriko mugikortasunean. Udal gobernu taldeak, talde eta eragileekin elkarlanean, aniztasunaren eta irisgarritasunaren aldeko apustu irmoa egin du aurtengo egitarauan, herritar guztiek jaiak modu seguru eta erosoan bizi ditzaten.

Aurten, gainera, herriko mendizaletasunaren ikur den Alpino Artibai Mendigoizale Taldeak izango du jaien hasierako txupinazoa botatzeko eta pregoia irakurtzeko ohorea, bere 80. urteurren borobila ospatzen ari den honetan. Taldeko arduradunek eskerrak eman nahi izan dizkiote jai batzordeari aukera bikain hau eskaintzeagatik, eta zirraraz gogoratu dute euren historia "badira jada 80 urte Alpino Artibaik Kalamuako puntan buzoia jarri ebala. Horixe izan zan taldearen lehenengo ekintza, hainbat markinar-xemeindarrekin batera egindakoa". Alde horretatik, eskerrak eman dizkiete "bide luze honetan" lagun izan dituzten belaunaldi guztiei, bereziki joan direnei eta gaur egun babesa ematen jarraitzen dutenei.

Mendigoizaleen bultzada horrekin batera, aurtengo Karmen jaietako kultur ekitaldi nagusia uztailaren 11n, larunbatean, ospatuko da Zelaian. Gaueko 22.00etan hasiko den VII. Xemeingo Gauak bereganatuko du arreta osoa, Xemein Abesbatzak bere mende erdiko ibilbidea ospatzeko prestatu duen '50 Urte kantuz' ikuskizun bereziarekin. Behin motorrak berotuta, jaiak ofizialki uztailaren 15ean, asteazkenean, hasiko dira Alarabiren jaitsierarekin. Egun horretan kuadrillen bizikleta-kalejira, danborrada eta txosnaguneko kontzertuak egongo dira.

Hurrengo egunetan, Karmen Egunean, uztailak 16, artisau azoka, aurreskua eta Grand Slam finalak jokatuko dira; uztailaren 17an Umeen eta Gazteen Eguna ospatuko da; uztailaren 18an Kuadrillen Eguneko herri-bazkaria eta Andoni Ollokiegiren emanaldia izango dira, eta uztailaren 19an jaien amaiera iritsiko da Ezetz Jakin lehiaketaren sari banaketarekin.

Jai inklusiboak

Bestalde, aipatzekoa da udalak aurten inklusibitatearen eta aniztasunaren aldeko urrats garrantzitsua eman duela. Hori dela eta, zaratarekiko hipersentikortasuna edo premia bereziak dituzten haurrek ere jaiez baldintza berdinetan goza dezaten, musika kenduko da Bizenta Mogel parkeko barraka-esparruan uztailaren 16an eta 19an, 17.00etatik 18.30era.

Azkenik, garrantzitsua da azpimarratzea egun eta ordu zehatz horietan ume hauek lehentasuna izango dutela barraketan ibiltzeko, betiere udalak horretarako prestatutako txartela erakutsiz gero. Neurri honetaz baliatu nahi duten familiek udaletxeko Berton bulegoan eskatu beharko dute txartel berezi hori, uztailaren 14rako epemuga gainditu baino lehen. "Guztiontzako lekua izango duten jaiak eraikitzen saiatzen gara urtez urte", adierazi du udal gobernu taldeak, herri osoaren errespetuzko jarrera txalotuz.

Trafiko aldaketak eta aparkalekuak

Ekitaldi guzti hauek erdiguneko zirkulazioa eta garraio publikoa egokitzea behartuko dute. Aldaketa nagusien artean, taxi geltokia autobus geltokiaren parera lekualdatuko da uztailaren 11tik 21era bitartean. Horrekin batera, mugikortasun urriko pertsonentzako plazak indartuko dira epe berean: lau gune gehiago jarriko dira autobus geltokiaren aurrean, bat Agustin Deuna kalean eta beste bat Aldapeko kalean.

Trafikoari dagokionez, Ostekokalean eta Beheko Mojen plazan garajeetako irteerak Artibai kaletik egingo dira. Udaletxe osteko errepidea, berriz, uztailaren 15etik 21era egongo da itxita; egun horietan garajeetarako sarrerak ere Artibai kaletik bideratuko dira. Bestalde, Abesua kalean eta Xemein etorbidean aparkalekuak uztailaren 11n hustuko dira eta arratsaldean bidea moztuko da, uztailaren 12an txosnen muntaia hasiko delako. Errepidea ez da zabalduko harik eta txosnak erabat desmuntatu arte, eta Abesuako garajeetako sarrerak kontrako noranzkoan egin beharko dira. Goikoportalan, aldiz, zamalanetarako sarrera-irteerak Karmengo kaletik bideratuko dira uztailaren 15etik 21era.

Azkenik, aparkaleku faltari aurre egiteko, udalak jakinarazi du Kanposantu ondoko eta Lea Artibai Ikastetxeko guneak erabilgarri daudela jada. Gainera, jende gehien biltzen den astebururako, uztailaren 17tik 19ra bitartean, Bekobenta Eskolako aparkalekua eta Lea Artibai Ikastetxeko kantxa ere zabalduko zaizkie bisitariei.

08/07/2026