Buscar
Gipuzkoa

Lezoko hezkuntza komunitateak berehalako itzulpena erabiliko du euskarari eusteko

Helburua euskaraz ez dakiten herritarrek batzarretan eta jardueretan parte hartzeko aukera izan dezaten da
Berehalako itzulpena zerbitzuaren aurkezpena.
Berehalako itzulpena zerbitzuaren aurkezpena. / Aitziber Muga

Actualizado hace 36 segundos

Lezoko hezkuntza komunitateak berehalako itzulpena txertatuko du hainbat komunikazio-esparrutan, euskarak herriko harremanetan eta elkarguneetan bere lekua izan dezan eta, aldi berean, euskaraz ez dakiten herritarrek bileretan, aurkezpenetan eta bestelako jardueretan parte hartu ahal izan dezaten. Ekimenaren atzean Lezoko Udala, UEMA, Lezo Herri Eskola, Lezo Institutua, Pasaia-Lezo Lizeoa eta Ttakun daude, elkarlanean.

Lezok, beste udalerri askok bezala, gero eta aniztasun handiagoa du, eta hizkuntza-aniztasuna herriko eguneroko errealitatearen parte da. Testuinguru horretan, ekimenaren sustatzaileek bi erronka uztartu nahi dituzte: batetik, euskara ikasi, erabili eta euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea; bestetik, herrira iritsi diren herritarrek herri-bizitzan parte hartzeko aukera izatea.

Euskarak izan behar du eta izan daiteke herriaren kohesiorako tresna”, azaldu du Iker Salaberria Lezoko Udaleko Euskara zinegotziak aurkezpenean. Haren esanetan, horretarako “komunikazioan zubiak eraiki behar dira”.

Ekimen hau ez da ekintza isolatua. Lezoko Udalak legegintzaldi planean jasota ditu, besteak beste, euskal hiztun-komunitatea sendotzea eta etorri berrien harrera plana osatzea, eta bi ildo horietan hizkuntzak duen garrantzia azpimarratzen du.

Telegram bidezko itzulpena

Berehalako itzulpena, hain zuzen, hezkuntza komunitatearen eguneroko beharretatik abiatuta planteatu dute. Bilerak, hitzaldiak eta bestelako hitzorduak euskaraz egin ahal izatea da helburua, eta, aldi berean, hizkuntza ulertzen ez duten pertsonek edukia jarraitu ahal izatea.

Oraingoz, Telegram aplikazioaren bidez eskaintzen da baliabidea. Doako aplikazioa mugikorrean instalatu eta bileretara entzungailuak eramatea nahikoa da. Horrela, bilerak euskaraz egin daitezke, eta euskaraz ulertzen ez dutenek aldibereko itzulpena entzun dezakete, xuxurlari baten bidez.

UEMAk beste udalerri batzuetan izandako esperientzietatik abiatuta jarri dute martxan ekimena. Helburua da euskarazko komunikazioari eustea, baina horrek parte-hartzea mugatu gabe. UEMAko Irati Odriozolak azaldu duenez, euskaraz ez dakiten herritarren “komunikazio beharrak bermatzea eta parte-hartzea sustatzea denon egitekoa da”.

Lezon, beraz, itzulpena ez dute helburu nagusitzat hartzen, euskarari bere lekua eusteko tresnatzat baizik. Horri esker, euskarazko komunikazioa mantendu nahi dute, bilera edo jarduera beste hizkuntza batera aldatu beharrik gabe, eta aldi berean ulermena eta parte-hartzea errazteko baliabide bat eskaini.

Bi urteko ibilbidea

Baliabidea, gainera, ez da berria Lezoko hezkuntza eta aisialdi esparruan. Udalekuetako gurasoen azken bi urteetako bileretan erabili dute berehalako itzulpena, eta Ttakuneko Maddi Etxebestek azaldu duenez, baliabideak “oso harrera ona” izan du.

Etxebestek azpimarratu duenez, tresnak “ez du baliabide askorik behar” eta eguneroko dinamiketan erraz txerta daiteke. Beraz, Kuadrillategi, Faktoria, Udalekuak eta Ludotekako bileretan baliabide hau erabiltzen jarraituko dute eta idatzizko komunikaziora ere zabalduko dute.

Lezoko Udalarentzat eta ekimenean parte hartzen duten eragileentzat, beraz, berehalako itzulpena hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta euskara herriaren kohesiorako tresna izateko baliabideetako bat izango da. Lehen urrats honekin, esperientzia herriko beste esparru batzuetara eramatea dute helburu.

2026-09-23T11:35:53+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo