Gipuzkoa

Oskarbi: 60 urteko bidea oholtza gainean

1966an Pasai Antxon sortutako taldeak hamahiru disko eta ia mila emanaldi bildu ditu bere ibilbidean
Oskarbi taldea disko baten aurkezpenean.
Oskarbi taldea disko baten aurkezpenean. / N.G.

Actualizado hace 9 minutos

Oskarbi taldeak sei hamarkadako ibilbidea beteko du aurten. 1966ko azaroan Pasai Antxon sortu zenetik, euskal kantagintzaren barruan jardun du taldeak, euskarazko musika eta ahotsen arteko harmonia oinarri hartuta.

Urte hauetan, hamahiru disko argitaratu ditu, ia mila emanaldi eskaini eta berrogei bat musikari eta abeslari baino gehiago igaro dira taldetik. 60. urteurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu ditu, tartean azaroaren 8ko hitzordua jaioterrian eta abenduaren 12ko kontzertua Donostian.

Esan bezala, taldearen sorrera 1966ko azarokoa da. Frankismo garaian euskal kulturaren eta hizkuntzaren aldeko ekimenak indarra hartzen ari ziren testuinguruan. Honela, Oarsoldea euskualdeko gazte talde batek euskaraz kantatzeko proiektua jarri zuen martxan eta Pasai Antxon elkartzen ziren, gehienak barruti honetakoak baitziren.

Hasieran zazpi kidek osatu zuten Oskarbi, eta lehen entseguak urte hartan egin zituzten. Hasieratik, euskarazko kantagintza lantzea eta ahotsen arteko harmonia garatzea izan zituzten helburu nagusi.

Euskal kulturaren susperraldia

1967tik 1971ra Ez Dok Amairu mugimendu kulturaleko kide izan ziren. Euskal kulturaren susperraldian erreferentzia izan zen egitasmo horren barruan, beste sortzaile eta musikari batzuekin harremana izan zuten. Garai hartan ezagutu zituzten, besteak beste, Jorge Oteiza eta Bitoriano Gandiaga; azken horren lanak eragin nabarmena izan zuen taldearen sorkuntzan. Luis Romero izan zen taldearen zuzendaria 1968tik 1976ra.

Ez Dok Amairu desegin ondoren ere, Oskarbi taldeak bere jarduerarekin jarraitu zuen. Joxelu Trekuk, Oskarbi taldeko aitzindarietako batek zehaztu duenez, “Ez Dok Amairuko garaietan Oskarbiren eta Ez Dok Amairuko kantaldiak partekatzen genituen. Ez dok Amairu desegin zenean Oskarbiren ibilbidearekin jarraitu genuen”.

Oskarbi taldeko hamar kideak.

Oskarbi taldeko hamar kideak. N.G.

Euskal Herriko hainbat herritan aritu da, baita nazioarteko agertokietan ere, besteak beste, Quebecen, Argentinan eta Uruguain. Bere ibilbidean emanaldi esanguratsuak eskaini ditu, hala nola 1975ean Madrilgo Ateneoan, 1976an Donostiako Belodromoan 24 ordu euskaraz ekitaldian eta 1978an Bilboko La Casillan, Joan Manuel Serratekin batera.

Taldearen bereizgarrietako bat hasieratik mantendu duen musika egiteko modua izan da. Euskarazko kantagintza eta ahotsen arteko lana oinarri hartuta, herri-kantak eta sorkuntza propioa uztartu ditu. Ez dute, gainera, ohiko konposizio-prozesua erabiltzen beren abesti berriak sortzeko: melodia edo poema batetik abiatzen dira, entseguetan garatzen dute musika, eta kantua osatu ondoren idazten dute partitura. Joxelu Treku taldekideak hainbat elkarrizketetan azaldu duenez, lan egiteko modu hori da Oskarbiren berezitasunetako bat.

Urteurrenaren ospakizunekin batera, Oskarbi taldeak disko berria kaleratu du: Gipuzkoa Donemilia. Hamahiru kantu biltzen ditu taldearen diskografiako hamahirugarren lanak, eta Gipuzkoako nortasuna eta jatorria ditu ardatz. Herri-kantagintza eta sorkuntza propioa uztartzen ditu diskoak, taldearen musika-ildoari jarraituz.

Igandean Pasai Antxon kontzertua

Urteurreneko egitarauaren barruan, lehen hitzorduetako bat igandean bertan izango da, bere sorterrian, Pasai Antxoko San Fermin elizan. 19:00etan hasita, 60 urte kantuan izeneko saioa egingo dute Pasaiako Solasaldi Musikatuak egitasmoaren barruan.

Luisma Laboa kazetariak gidatuko du solasaldia, taldeko kideekin batera, eta musika eta elkarrizketa uztartuko dituzte. Trekuk aditzera eman duenez, “kontzertuaren barruan elkarrizketa-galdera batzuk izango dira, baina mezu nagusia kantuarekin eta musikarekin emango dugu”.

Saioak lau atal izango ditu, Oskarbiren historiako hainbat alderdi lantzeko: taldearen sorrera, Bitoriano Gandiagaren ekarpena, Xirimiri-Mendira naiz kantua eta aurten argitaratutako Gipuzkoa Donemilia diskoa. Hamar taldekidek hartuko dute parte, horietatik hiru Oskarbiren hasierakoak. Sarrera doakoa izango da, baina edukiera mugatua denez, gonbidapena aurrez eskuratu beharko da Bibe.me plataformaren bidez.

“Guretzat ospakizun berezia izango da. Pasai Antxon hasi ginen 1966ko azaroan. 60 urte geroago Oskarbi taldeak Antxoko San Fermin elizan ospatuko du kontzertu batekin urteurrena”, azpimarratu du Trekuk.

Victoria Eugenian kontzertu nagusia

Urteurreneko kontzertu nagusia abenduaren 12an egingo dute Donostiako Victoria Eugenia antzokian. 19:30ean hasiko den emanaldiak taldearen sei hamarkadako ibilbidea bilduko du, eta hainbat gonbidatu izango ditu. Antton Valverde, Gorka Knörr eta Easo Abesbatzaren ahots mistoen taldeak ere parte hartuko du, hiru obra interpretatuz; horietako bi Oskarbi taldearekin batera eskainiko ditu.

“Abenduaren 12an Victoria Eugenian Oskarbi 60 urte kantuan ekitaldi nagusia izango da. Bertan izango dira Antton Valverde, Gorka Knör, Easo Abesbatza, Kresalako dantzariak eta noski Oskarbi taldea”, azaldu du Joxelu Trekuk.

“Artista gonbidatu guztiekin partekatuko ditugu kantuak eta musikak. Ekitaldiaren bukaera solemnea izango da”, gaineratu du.

Horrela, 1966an Pasai Antxon hasitako proiektuak bere 60. urteurrena ospatuko du aurten, bere ibilbideko hainbat mugarri gogora ekarriz eta musika-eskaintza berria aurkeztuz. Sei hamarkadaren ondoren, taldeak euskaraz kantatzen eta euskal kantagintzan lanean jarraitzen du.

Etorkizunera begira, zera esan du Trekuk: “60 urte ete gero iragana handiagoa da etorkizuna baino. Hurrengo urtean ere jarraituko du Oskarbik. Hariari helduta eta euskara ahotsetan”.

2026-11-07T15:29:08+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo