Bizkaia

Lekeitioko Denbora Bankuak perretxiko irteera arrakastatsua antolatu du

Ibilbideak 20 pertsona bildu zituen Magdalena ermitatik Mendexara bidean, eta elkarteak bederatzi kide berri bereganatu ditu, guztira 188 lagunek osatutako sarea finkatuz
Ekimen honi esker, Lekeitioko Denbora Bankuak bederatzi kide berri batu ditu bere proiektura / Denbora Bankua

Sasoian sasoikoa gozatzea zein garrantzitsua den ondo daki Lekeitioko Denbora Bankuak. Horregatik, urria amaitzeko talde ekintza berezi bat antolatu zuten: perretxikoak ezagutzeko eta biltzeko mendi irteera bat. Eguraldiak lagunduta eta giro ezin hobean, herritar zein inguruko zaletu ugarik parte hartu zuten ekimenean, Lekeitio eta Mendexa arteko pinudiak arakatuz.

Irteera elkarteko kidea den Julian Arratek gidatu zuen, eta arrakasta handia izan zuen. Ekintza herri osoari zabaldu zitzaion eta, kideen zein kide ez zirenen artean, 20 pertsonako talde polit bat osatu zen. Eskaera hain handia izanik, zazpi pertsona kanpoan geratu ziren lekurik gabe. Gehienentzat perretxikotan biltzeko lehen aukera eta esperientzia izan zen, eta parte-hartzaileen artean gehienak lekeitiarrak baziren ere, Bilbo, Zegama zein Hego eta Ipar Amerikako pertsonak ere bildu ziren.

Ibilbidea Magdalena ermitan hasi eta Mendexara bidean garatu zen, Park Abenturak utzitako baso-eremuan barrena. Bertaratutakoek hiru perretxiko mota nagusi biltzeko eta ezagutzeko aukera izan zuten: honddoak (Boletus edulis), niskaloak (robilloiak) eta sisaoriak. Topaketa borobiltzeko, eta Mendexa zein Lekeitioko Bedarra eta Lagunkoi taldeen laguntzari esker, hamaiketako eder bat egin zuten parte-hartzaile guztiek. Otzara zein bihotza beteta bueltatu ziren Lekeitiora, eta egindako inkestetan esperientzia "zoragarria" izan zela adierazi zuten.

Ekimen honi esker, Lekeitioko Denbora Bankuak bederatzi kide berri batu ditu bere proiektura, eta dagoeneko 188 lagunek osatzen dute herriko elkartasun sare hau.

Etiquetas
03/11/2026