EAEko kanpo merkataritzak bi erritmo oso desberdin erakutsi zituen maiatzean: esportazioek hazten jarraitu zuten arren, inportazioen gorakada askoz handiagoak merkataritza saldoa berriro ere defizitean utzi zuen.
Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ondasunen esportazioak %0,8ko igoera izan dute maiatzean, 2.709,4 milioi eurora iritsi ondoren, 2025eko maiatzean 2.686,6 milioi eurokoak izan ziren bitartean. Produktu energetikoen esportazioak %9,6 gehitu dira, eta produktu ez-energetikoenak %0,4.
Eustat euskal estatistika erakundeak astearte honetan argitaratutako datuen arabera, EAEko merkataritza saldoa negatiboa izan da maiazean, 323,1 milioi euro ingurukoa, eta esportazioen eta inportazioen arteko erlazioa neurtzen duen estaldura tasa %89,3ra iritsi da.
Alemania (403,2 milioi euro), Frantzia (398,9 milioi euro) eta Erresuma Batua (202,0 milioi euro) ageri dira maiatzean EAEko esportazioen xede diren herrialdeen sailkapenaren buruan.
Lurralde historikoei dagokienez, Arabako esportazioak %6,6 jaitsi dira, Gipuzkoakoek ez dute aldakuntzarik izan, eta Bizkaikoak, berriz, %7,8 gehitu dira.
Bestalde, EAEko ondasunen inportazioen tasa %41,7 igo da maiatzean urte artean, inportazio energetikoek zein ez-energetikoek izan duten igoeren ondorioz (%245,3 eta %14,2, hurrenez hurren).
EAEk maiatzean egindako inportazio gehienak Alemaniatik (455,9 milioi euro), Txinatik (213,0 milioi euro) eta Erresuma Batutik (209,1 milioi euro) egin dira.
Inportazioek hiru lurralde historikoetan egin dute gora, eta igoerarik handiena Bizkaian gertatu da (%73,9), produktu energetikoen gorakadak bultzatuta nagusiki; Araban eta Gipuzkoan %11,9ko eta %10,1eko igoera izan dute inportazioek, hurrenez hurren.