Buscar
Gipuzkoa

Hernanik, Usurbilek eta Urnietak San Isidro ospatuko dute ostiralean

Antolatutako egitarauek lehen sektorearen aitortza ekarriko dute Buruntzaldeara
Perrapa baserria.
Perrapa baserria. / N.G.

Actualizado hace 6 minutos

Astigarraga egunotan Lurraldia egitasmoan murgilduta dagoen bitartean, Buruntzaldeko beste hainbat udalerrik ere bat egingo dute ostiral honetan San Isidro egunaren ospakizunekin. Hernani, Usurbil eta Urnieta herriek egitarau bereziak antolatu dituzte baserritarren lana aitortu eta lehen sektoreak herriaren ekonomian, paisaian eta kulturan duen garrantzia azpimarratzeko.

Nekazaritza eta abeltzaintza jarduerek azken hamarkadetan aldaketa handiak izan dituzten arren, sektoreak presentzia handia izaten jarraitzen du eskualdean, tokiko ekoizpena, gertuko kontsumoa eta landa ingurunearen biziraupena bermatzen baititu. San Isidro egunak, urtero bezala, baserriaren inguruko tradizioak, kultura eta komunitate izaera lehen lerrora ekarriko ditu.

Perrapa baserria izango da Hernaniko omendua

Hernanin egun osoko egitaraua prestatu dute, eta aurten Perrapa baserria izango da Udalaren aitortza jasoko duena. Ofizialki Lepatxiki izena duen arren, herrian Perrapa edo Perropa izenez ezagutzen da baserria, garai batean herriko ferratzailearen etxea izan zelako.

Omenduak Kontxi Zubiondo eta Joxe Ramon Amonarriz izango dira, baita baserriaren lekukoa hartu duten euren seme-alabak ere, Uxue eta Ander Amonarriz. Bosgarren belaunaldia dira baserritik bizi direnak, eta urte luzez esne behiekin aritu ondoren, gaur egun haragitarako behiekin eta salmenta zuzenarekin egiten dute lan. Euren produktuak herrian bertan eraldatzen dituzte, Bertatik egitasmoaren bidez.

Hernaniko egitaraua 11.00etan hasiko da San Joan Bataiatzailearen elizan egingo den mezarekin. Ondoren, udaletxeko arkupeetan omenaldia egingo zaio Perrapa baserriari, bertsolarien saioarekin eta emakumezkoen herri kirol erakustaldiarekin batera. Eguerdian bazkari herrikoia egingo dute Goiz Eguzkin, eta arratsaldean goi mailako pilota partidak izango dira Ezkiagan.

Usurbilen eta Urnietan, ere

Usurbilen ere San Isidro eguna ospatuko dute tradizioari eutsiz. Eguna goizeko 10.00etan hasiko da Ostolaza eta Larrañagaren esna-deiarekin herriko kaleetan barrena.

Ondoren, hamaiketako herrikoia egingo dute plazan, eta eguerdian bertso saioa eskainiko dute Ane Labakak eta Beñat Gaztelumendik. 12.30ean giza proba binakakoa izango da, hainbat herri kirolariren parte-hartzearekin.

Egitaraua bertso-trikiti bazkariarekin amaituko dute Patri jatetxean. Jardunaldia Usurbilgo Alkartasuna Nekazarien Kooperatibak antolatu du, Usurbilgo Udalaren laguntzarekin.

Urnietan ere urteroko ospakizunari jarraipena emango diote. San Isidro eguna maiatzaren 15ean ospatuko dute, baserritarren eguna aintzat hartuz.

12.00etan meza egingo dute, eta ondoren hamaiketakoa eskainiko dute Lekaio kultur etxean. Modu xumeagoan bada ere, Urnietako ospakizunak ere lehen sektorearekiko lotura eta baserritarren lana aitortzeko helburua izango du ardatz.

2026-05-14T11:58:52+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo