Gasteizko Udalak bizikleten aparkaleku seguru berria jarri du martxan Zaramaga auzoko Barazar Mendatea kalean, La Vitoriana futbol zelaiaren ondoan eta El Boulevard inguruan. Instalazio berriak 50 plaza gehitu dizkio VG Biziz udal sarera, eta bizikletentzako aparkaleku seguruaren eskaintza indartu du mota horretako azpiegiturak gehien erabiltzen diren eremuetako batean.
Gainera, Gasteizko Udaletik nabarmendu dutenez, jarduketa berezia da, 'Hobetuz Gazte' udal programaren barruan San Prudentzio ikastetxeko ikasleek sustatutako proposamenetik sortu baita. Ikasleek beraiek planteatu zuten proiektua, mugikortasun jasangarriko aukerak hobetzeko eta haien gertuko ingurunean bizikletaren eguneroko erabilera sustatzeko.
Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak adierazi duenez, azpiegitura berriarekin, "zerbitzu hori auzo guztietara hurbiltzen jarraitzen dugu, badakigulako bizikleta aparkatzeko orduan segurtasuna faktore garrantzitsua dela pertsona askorentzat. Datuek erakusten digute erraztasunak jartzen ditugunean gero eta herritar gehiagok aukeratzen dutela bizikleta eguneroko joan-etorriak egiteko. Horregatik, dagoeneko hiri osoan 1.400 plaza baino gehiago dituen sarea handitzen jarraitzen dugu".
Era berean, Gazteria zinegotzi Ana Lopez de Uraldek azpimarratu duenez, "horrelako ekimenek agerian uzten dute Gasteizko gazteen ideiek eta proposamenek hiri hobea eraikitzen jarraitzeko duten garrantzia. Gazteria Zerbitzutik gure konpromisoa berresten dugu gazteei euren kezkak adierazteko, entzunak sentitzeko eta gure hiriaren garapenean zein etorkizunean modu aktiboan parte hartzeko guneak eskaintzen jarraitzeko".
Modulu berria abian jarrita, Zaramaga auzoak bizikleten bi aparkaleku seguru ditu dagoeneko VG Biziz sarean integratuta. Instalazioak, gainera, Gasteizko Udalak eguneroko joan-etorrietarako gero eta pertsona gehiagok erabiltzen duten azpiegitura handitzen jarraitzeko konpromisoari erantzuten dio.
1.404 PLAZA
Horrela, VG Biziz udal sareak 22 kokapen eta 1.404 plaza ditu guztira, Gasteizko auzo guztietan banatuta. Azken urteotan, zerbitzuak igoera handia izan du, bai edukierari dagokionez, bai erabiltzaile kopuruari dagokionez, eta mugikortasun jasangarriagoa, erosoagoa eta seguruagoa sustatzeko funtsezko tresna gisa finkatu da.
Zerbitzuaren bilakaerak herritarrek horrelako azpiegiturekiko duten gero eta interes handiagoa berretsi du: 2025ean, VG Biziz sareak 327.258 erabilera erregistratu zituen, eta 3.401 erabiltzaile izatera iritsi zen. Horri esker, hiriko bizikleta azpiegituren artean, balorazio onena izan zuenetako bat bihurtu zen. Erabiltzaileen erdiak baino gehiagok dio bizikleta gehiago erabiltzen duela zerbitzu hori erabilgarri dagoenetik.