Gasteizko Udalak berriro lizitatuko ditu Oto hiribideak eta Bekolarra kaleak bat egiten duten tokian biribilgune berria eraikitzeko obrak, Mercedes-Benz lantegiaren ondoan, gobernu batzordeak ostiral honetan onartu ondoren kontratazio espediente berria, aurreko prozedura hutsik geratu baitzen. Jarduketak 695.679,24 euroko aurrekontua eta bost hilabeteko gauzatze epea ditu.
Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, esku hartzearen helburu nagusia da hiriko industria ingurune nagusietako batean mugikortasuna eta bide segurtasuna hobetzea, bereziki ibilgailu astunen zirkulazioak baldintzatzen baitu ingurune hori.
Biribilgune berriak Mercedes-Benz lantegiko kamioien sarrera eta irteera erraztuko ditu, eta trafiko fluxuak berrantolatzeko aukera emango du. Horrela, hirigunerantz beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestuko dira, eta inguruko guneetako pilaketak murriztuko dira, hala nola Areatza kalean eta Urartea, Bremen, Oto eta Antonio Machado kaleen arteko bidegurutzean.
Biribilguneak 35 metroko diametroa eta zirkulaziorako bi errei izango ditu. Oto hiribidearen noranzko bakoitzean sartzeko eta irteteko bi errei jarriko dira, eta bat Bekolarra kalean. Proiektuak, era berean, espaloiak berritzea, oinezkoentzako pasabide bi eraikitzea (horietako bat goratua eta semaforoduna) eta lehendik dagoen bizikleta erreiaren segurtasuna hobetzea aurreikusten du, trafikotik bereizteko elementuak jarrita. Gainera, inguruko argiteria eta berdeguneak berrituko dira.
Jarduketa Industrialdeetarako Mugikortasun Planaren parte da, eta Gasteizko Udalak eta Mercedes-Benzek lantegirako sarbideak hobetzeko sinatutako lankidetza hitzarmenaren barruan kokatzen da. Akordioaren arabera, Areatza kalean beste biribilgune bat eraikiko da.
Miren Fernandez de Landa Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak kontratazioari berriro ekiteak duen garrantzia azpimarratu du: "Industria jarduera oso handia duen ingurunean beharrezkoa den esku hartzeaz ari gara. Ibilgailu astunen mugimenduak erraztu nahi ditugu, gaur egun sortzen diren trafiko arazoak murriztu eta bide horiek erabiltzen dituzten pertsona guztien segurtasuna hobetu. Gure helburua da jarduera hori lehenbailehen abian jarri ahal izatea".