Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak antolatutako Haziak ideia gazteen lehiaketaren hamahirugarren edizioak asteazkenean irekiko du izena emateko epea, otsailaren 26an.
Lehiaketaren bidez, 14 eta 30 urte bitarteko gazteek laguntza teknikoa eta ekonomikoa jaso ahal izango dituzte beren proiektuak aurrera eramateko, eta, berritasun gisa, proposamenak bideo formatuan bidali beharko dira WhatsApp bidez, martxoaren 16a baino lehen.
"Lehiaketaren helburua gazteei laguntza ekonomikoa eta teknikoa ematea da, beren proiektuak garatu eta errealitate bihur ditzaten, beren sorkuntza gaitasuna garatu ahal izateko aisialdi osasungarrian gazteen parte hartzea eta inplikazioa bultzatuta", azaldu du Ana Lopez de Uralde Gazteriako zinegotziak.
Haziak lehiaketa Gasteizen bizi eta ikasten eta lan egiten duten 14 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta dago. Proposamenen formatua eta tematika libreak dira, eta era askotako gaiak jorra ditzakete, hala nola kirola, ingurumena, osasuna, sorkuntza eta berrikuntza, komunikazioaren teknologiak, hezkuntza ez-formala, feminismoak, elkartasuna, kulturartekotasuna, euskara eta abar.
Formatuari dagokionez, berriz, lantegiak, sorkuntzarako guneak, horma irudiak, proiekzioak, emanaldia, ikus-entzunezko film laburrak eta abar izan daitezke.
Gazte irabazleek 3.000 euroko gehieneko prestazio ekonomikoa jasoko dute, beren proiektua garatzen laguntzeko. Ideiarik onenak Gasteizko Udaleko teknikariek osatuko duten epaimahaiak eta lehiaketaren aurreko edizioko irabazle batek aukeratuko dituzte.
Bada, lehiaketaren lehen fasean bideo bat grabatu beharko da, lehiaketara aurkeztu nahi den ideia zehazki azaltzeko. Bideoak bi minutuko iraupena izan dezake gehienez, eta WhatsApp bidez bidali beharko da 689 158 410 telefonora. Banakako edo taldeko ideia den zehaztu beharko da.