Gasteizko Udalak hondakin tasaren hobariak eskuratu ahal izateko erregistroan izena emateko aurrez aurreko arreta zerbitzua astelehen honetan jarri da martxan, otsailaren 24an.
Izan ere, Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, zabor tasaren hurrengo faktura ordaintzean hobariak eskuratu ahalko dira: %10 erregistratzeagatik eta %10 gehiago 2024an edukiontzi marroia zenbatetan ireki denaren arabera.
Horrela, aurrez aurreko arretaren bidez, erraztu egin nahi da sareko izapidea egiteko identifikazio txartelik ez duten pertsonek izena ematea.
Izapideak gizarte etxeen sareko herritarren informaziorako guneetan egin ahal izango dira, horretarako leihatilak dauden lekuetan. Bertaratu aurretik, aurretiko hitzordua eskatu behar da 010 telefonoan udal webgunean edo Herritarrei Laguntzeko Bulegoetan bertan. San Martineko eta San Antonio kaleko udal bulegoetan ez da aurretiko hitzordurik eskatu behar izapidea egiteko.
Erregistratzeko fasean, interesdunek NAN aurkeztu eta formulario txiki bat bete beharko dute. Formularioa betetzeak berekin dakar HUTeko edo Ireki aplikazioko datuak lagatzea, beharrezkoak baitira iaz erregistratutako organikoaren birziklatze datuak ustiatzeko.
Hondakin tasan hobariak eskuratzeko erregistroa otsailaren 10ean jarri zen abian eta apirilaren 15era arte egongo da irekita. Lehenengo astean 10.014 pertsona erregistratu dira udal webgunearen eta autotramitaziorako bulegoen bidez (8.144 etxebizitza).
Erregistroan izena emateko aurrez aurreko arreta abiatzearekin batera, hamarna litroko 160.000 poltsa konpostagarri banatzen hasiko dira gizarte etxeetan astelehenetik, hondakin organikoak edukiontzi marroian uzteko. Herritarren Udal Txartela aurkeztuta, hiru poltsa biribilki jasoko dira, hau da, guztira 90 poltsa lau hilabeterako.