Actualizado hace 2 minutos
Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak hastear dira. Tanttaka Teatroak emango dio hasiera egitarauari urriaren 30ean, Desobedienteak 18/98 antzezlanarekin.
Hortik aurrera, Soreasu Antzokia, Dinamoa Sormen Gunea, Betharram aretoa eta herriko kaleak euskarazko antzerkiaren erakusleiho bihurtuko dira.
Aurkezpen ekitaldia
Soreasun aurkeztu dute Euskal Antzerki Topaketen 44. edizioa.
Aurkezpenean izan dira Nagore Alkorta herriko alkatea, Leire Sarasua Kultura zinegotzia, Kulturaz eta Dinamoako ordezkariak eta topaketetan parte hartuko duten konpainietako kideak.
Alkortak nabarmendu du topaketen edizio bakoitzak euskarazko antzerkia sustatzeko duen garrantzia, eta herritarrak egitarauan parte hartzera gonbidatu ditu. Egitaraua Azpeitiko Udalak eta Kulturazek elkarlanean prestatu dute, herriko teknikarien eta antzerkiari lotutako pertsonen laguntzarekin.
Sarrerak salgai daude dagoeneko www.antzerkitopaketak.eus web orrian.
Emanaldien hasiera
Urriaren 30ean, 19.00etan, Desobedienteak 18/98 antzezlana taularatuko dute Soreasu Antzokian.
Azaroaren 1ean, ordu berean, Metrokoadroka Kultur Elkartearen Bi baso bat ur lanaren txanda izango da.
Egitarauak azaroaren 5ean jarraituko du, Magma Miaren Jo! antzezlanarekin. Azaroaren 6an, berriz, Lolak Kolektiboak Zanbuila lana aurkeztuko du Soreasu Antzokian.
Kale Antzerkia eta Eskola Antzerkia
Kale antzerkiak ere izango du lekua topaketetan. Zurrunka Teatroak Birakolore lana eskainiko du azaroaren 7an.
Hurrengo egunean, azaroaren 8an, Xake Produkzioak taldeak Sidari komedia taularatuko du Soreasu Antzokian.
Azaroaren 9tik 13ra, Eskola Antzerkiaren txanda izango da. Soreasu Antzokiak Bermeo, Errezil, Azpeitia eta Amezketako haurrek eta gazteek osatutako antzerki taldeen emanaldiak hartuko ditu.
Gaien aniztazuna
Topaketek azaroaren 12an jarraituko dute Soreasu Antzokian.
Egun horretan, Gorka Chamizok Heroiaren mina antzezlana taularatuko du, eta Anodino Teatroak Diamante Gordina lana aurkeztuko du.
Txalo Produkzioak taldeak jaialdiari jarraipena emango dio azaroaren 15ean, Rigor Mortis komedia beltzarekin. Ikusleak barrez lehertzea agintzen duen lana Soreasu Antzokian taularatuko dute.
Piszifaktoria Ideien Laborategiak Hegan egiteko gogoa da antzezlana aurkeztuko du areto berean, eta Barrexerkak Patatekin lana eskainiko du azaroaren 20an, Soreasun.
Antzerki emanaldien egitarauari amaiera emateko, Xirikarak Ama, begira zazu lana aurkeztuko du. Horrekin, jatorrizko muntaiari omenaldi txikia egingo dio, estreinatu zenetik 30 urte bete diren honetan.
Formakuntzarako tailerrak
Bestalde, txotxongiloek ere izango dute protagonismoa jaialdian.
Betharram aretoan itzal titereen tailerra egingo dute azaroaren 2tik 6ra, haur txikienei zuzenduta.
Horrez gain, azaroaren 7an txotxongilo-tailerra antolatuko dute Dinamoa Sormen Gunean, Hortzmuga Amestuz taldearen eskutik.
Azkenik, Maite Aizpuruak eta Garazi Navak Munstro Eszenikoa tailerra zuzenduko dute azaroaren 21ean, Dinamoa Sormen Gunean.