Actualizado hace 6 minutos
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordinak (BPG) %0,7 egin du gora hiruhileko arteko terminoetan 2026ko bigarren hiruhilekoan, urte arteko %2,3 hazi den bitartean, Eustat euskal estatistika erakundeak landutako datuen arabera.
Enpleguari dagokionez, lanaldi osoaren baliokideak diren lanpostuetan neurtuta, %0,4 igo da urteko bigarren hiruhilekoan aurreko hiruhilekoaren aldean, eta horrek esan nahi du urte arteko hazkundea %1,3koa izan dela, hau da, 13.238 lanpostu garbi gehiago izan direla iazko bigarren hiruhilekoan baino.
EAEko BPGaren urte arteko %2,3ko igoera zenbatetsia Euroguneko (%1,2) eta Europar Batasun osoko (%1,4) ekonomiarako egindako azken zenbatespenaren gainetik dago. Uztailaren 30eko Espainiako Hiruhileroko Kontabilitate Nazionalaren Aurrerapenean, bestalde, Estaturako urte arteko %2,7ko igoera zenbatetsi zen.
Eskaintzaren ikuspuntutik, balio erantsiaren bilakaera positiboa izan da urte artean sektore guztietan, lehen sektorean izan ezik; hiruhilekoen artean, berriz, balio erantsiak gora egin du sektore guztietan.
Horrela, lehen sektorean, balio erantsia %0,2 jaitsi da aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta, eta %0,3 igo aurreko hiruhilekoarekiko. Industrian, balio erantsia %0,5 igo da urte artean, eta %0,8 iazko lehen hiruhilekoarekin alderatuta.
Eraikuntzaren sektoreak balio erantsiaren %1,7ko urte arteko igoera izan du 2026ko bigarren hiruhilekoan balio errealetan, aurreko hiruhilekoaren alderatuta balio erantsia %0,6 igo ondoren. Zerbitzuen sektoreko jarduera orokorra %3,0 igo da 2025eko hiruhileko berarekin alderatuta, hau da, balio erantsia %0,8 igo da urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuta.
Bestalde, eskariaren aldetik igoerak orokorrak izan dira. Etxeen eta etxeen zerbitzurako irabazi asmorik gabeko erakundeen azken kontsumoko gastuak edo kontsumo pribatuak %2,9ko urte arteko igoera izan du, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta %0,8 igo ondoren, eta administrazio publikoen azken kontsumoko gastua edo kontsumo publikoa %3,7 igo da 2025eko hiruhileko berarekin alderatuta eta aurreko hiruhilekorako zenbatetsitakoa baino %0,2 handiagoa izan da.
Kontsumo publikoaren eta pribatuaren bilakaera bateratuaren ondorioz, azken kontsumoko gastua %3,1 igo da EAEn urteko bigaren hiruhilekoan urte batetik bestera, eta %0,7 joan den urteko lehen hiruhilekoarekin alderatuta.
BPGak 2026ko bigarren hiruhilekoan lurralde historikoetan izan duen bilakaerari dagokionez, Arabak urtetik urterako %2,2ko igoera izan du, Bizkaiak %2,3koa eta Gipuzkoak %2,4koa. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, igoera %0,6koa izan da Bizkaian, %0,8koa Araban eta %0,9koa Gipuzkoan.
ENPLEGUA
Enpleguari dagokionez, lanaldi osoaren baliokideak diren lanpostuetan neurtuta, oro har %1,3 hazi da EAEn 2026ko bigarren hiruhilekoan iazkoarekin alderatuta, lehen hiruhilekoaren aldean %0,4 igo ondoren.
Lehen sektorean, enplegua %0,5 jaitsi da 2025eko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta eta %0,2 igo hiruhileko artean. Industrian, lanpostuen kopurua %0,4 igo da urte artean, eta enplegu maila aurreko hiruhilekoan baino %0,3 handiagoa izan da.
Eraikuntzan ere enpleguaren bilakaera positiboa izan da urte artean, %0,9ko igoerarekin, hiruhileko artean %0,3 igo ondoren. Zerbitzuen sektorean, lanaldi osoaren baliokideak diren lanpostuen kopurua %1,7 igo da urte artean, hiruhileko artean %0,4 igo ondoren.