Igandean Buzkantza Eguna ospatuko dute Zumarragako Euskadi plazan. Odolkiak eta artisauen produktuak erosteko aukera izango da. Baita odolkia dastatzeko aukera ere, noski. Gainera Urretxu-Zumarragako idi probako bigarren kanporaketa jokatuko da.
Igandeko festan hiru odolki saltzailek parte hartuko dute: Ezkioko Debak, Burgoseko Alfredo Alonsok eta Beasaingo Olanok. Gainera, zazpi artisautza postu izango dira: Mairi emakume elkartekoen ehoziri lanak, Jon Serranok larruarekin egindako lanak, Elena Fernandez de Arangizen bitxiak, Edurne Pozuetaren lepokoak, Ana Alvarez de Arkaiaren altzariak eta zereal zakuak, Fermin Goenagaren sendabelarrak eta Antonio Paredesen egurrezko lanak.
Artisauek eta odolki saltzaileek 11.00etan irekiko dituzte beraien postuak. Gainera, Urola eskubaloi klubeko kideek odolki pintxoak salduko dituzte. 12.30ean, berriz, haurrentzako eskulan ikastaroa eta idi proba hasiko dira.
Igandekoa Urretxu eta Zumarragako idi proba sariketaren bigarren saioa izango da. Asier Izagirre Ipiñarrieta, Iñaki Irigoras, Iker Zubillaga Igeldo eta Ander Aizpuru Olalderen idiek parte hartuko dute.
Urretxu-Zumarraga sariketaren lehen saioa Urretxuko Santa Anastasia jaietan jokatu zuten. Ipiñarrietako idiak nagusitu ziren, 43 plaza, zinta bat eta 0,35 metrorekin. Bigarren postuan Aizpururenak sailkatu ziren (40 plaza eta 2,95 metro), hirugarrenean Zubillagarenak (35 plaza eta 3,14 metro) eta laugarrenean Iñaki Irigorasenak (31 plaza).
Dermatosiak eragindako debekua zela eta, Zumarragako jaietako proba ezin izan zen jokatu. Santa Isabel jaietan jokatu behar zena igande honetan jokatuko da. Santa Anastasia jaietako eta Buzkantza Eguneko markak batuko dira eta hiru onenak Santa Lutzi eguneko finalera pasako dira.
Buzkantza Eguna ostegunean aurkeztu zuten, Zumarragako plazan. Ekitaldian, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Izaskun Arruti Urretxu-Zumarraga Herri Kirol Elkarteko kideak parte hartu zuten. Serranok Buzkantza Egunaren jatorria gogoratu zuen. 1983an elkarte gastronomikoek, Kasino eta Galeperra buru, Jose Maria Busca Isusi gastronomoa omentzea proposatu zuten.
Omenaldi hartatik Santa Lutzi egunean antolatzen zen buzkantza lehiaketa atera zen. Handik urte batzuetara, lehiaketa azaroko lehen asteburura pasa zuten. Buzkantza (ardi odolarekin eta gantzarekin egindako odolkia) ekoizpenak behera egin du ia desagertu arte eta, hala, lehiaketa antolatzeari utzi zitzaion. Egun, Buzkantza Eguna ospatzen da.
Arrutik idi probari buruz hitz egin zuen. Idien pisaketa larunbatean izango dela eta parte hartzaileen ordena ere egun horretan zehaztuko dela azaldu zuen. “Urretxun eta Zumarragan idi kopuruak behera egin du eta azken urteotan laugarren parea kanpotik ekarri behar izan dugu. Abadiñoko probako seigarren sailkatua ekarri ohi dugu, baina aurten Abadiñoko proba ere ezin izan da jokatu. Hori dela eta, Urrestillako Ander Aizpururi luzatu genion gonbitea”.