Actualizado hace 2 minutos
Euskal antzerkiak hitzordu garrantzitsua izango du datozen asteetan Azpeitian.
Gaur, urriaren 30ean, abiatuko dira 44. Euskal Antzerki Topaketak, eta azaroaren 22ra arte luzatuko da euskarazko sorkuntza eszenikoaren erakusleihoa.
Tanttaka eta Metrokoadroka taldeen emanaldiak
Azpeitiko Udalak eta Kulturaz Kultur Kooperatibak elkarlanean antolatutako egitasmoak hamabi antzezlan bilduko ditu, euskal aktore eta konpainiek urtean zehar egindako lana publikoari gerturatzeko.
Tanttaka Teatroaren Desobedienteak 18/98 antzezlanak irekiko du gaur, ostirala, egitaraua, 19.00etan, Soreasu antzokian.
Asteburuko bigarren hitzordua igandean izango da, ordu berean eta agertoki berean, Metrokoadroka kultura elkartearen Bi baso bat ur lanarekin.
Eskola antzerkia
Antzezlan profesionalez gain, eskola antzerkiak ere protagonismo berezia izango du.
Azaroaren 9tik 13ra egingo den astean, Dinamoan gaztetxoekin urte osoan landutako lanak erakutsiko dituzte, eta beste herri batzuetako antzerki eskoletako taldeek ere parte hartuko dute.
Sormena
Dinamoa sormen guneak hainbat jarduera hartuko ditu Euskal Antzerki Topaketen egitarauaren barruan.
Azaroaren 7an, Hortzmugaren txotxongilo tailerra egingo dute; azaroaren 21ean, berriz, Maite Aizpuruak eta Garazi Navasek Munstro eszenikoa performance tailerra eskainiko dute.
Egitaraua kalera ere aterako da. Azaroaren 7an, Grama kolektiboak Birakolore kale antzerkia aurkeztuko du Perez Arregi plazan
.