Bizkaia

Burutik, Ameba eta Perlataren musikarekin hasiko dira Markina-Xemeingo Arretxinagako jaiak

Irailaren 25etik 29ra bitartean gastronomia, kultura, kirolak eta musika kontzertuak uztartuko dira, Zerutxu dantza-taldearen Xemeingo Ezpata-dantza bereziarekin batera
Burutik taldea irailaren 25ean joko du Arretxinagan
Burutik taldea irailaren 25ean joko du Arretxinagan / Burutik

Actualizado hace 2 minutos

Markina-Xemeingo Arretxinaga auzoak ateak zabalduko dizkie berriro ere San Migel jaiei, irailaren 25etik 29ra bitartean egingo den egitarau zabal, herrikoi eta anitzarekin. Arretxinagako Kultur Batzordeak antolatutako jaiek tradizioa, kirola eta adin tarte guztientzako musika eta ikuskizunak bilduko dituzte lau egunetan zehar. Halaber, ikuskizun guztiak doakoak izango dira.

Jaiak irailaren 25ean, ostiralean, abiatuko dira indartsu musika eskaintzarekin. Gauerditik aurrera, 23.00etan hasita, Burutik, Ameba, Perlata eta DJ Alloxelets igoko dira oholtza gainera giroa berotzeko. Irailaren 26an, larunbata, kirola eta antzerkia izango dira nagusi. Arratsaldeko 12.30ean Beteranoen Futbol Partida jokatuko da Barroetako futbol-zelaian Artibai F.T. eta Frodsham Veterans A.F.C. taldeen artean. Arratsaldean, 18.00etan, Abarka Taldeak Si vis pacem, para bellum antzezlana taularatuko du Arretxinagako zubian —euria eginez gero, bertan behera geratuko da—. Egunari amaiera emateko, 20.00etan dantzaldia egongo da Argitu erromeri taldearekin.

Irailaren 27an, igandean, gastronomiak eta herri kirolek hartuko dute lekukoa. Goizeko 11.30ean XVI. Tortilla-Txapelketa egingo da; osagaiak etxetik eginda ekarri beharko dira (6-8 arrautz, patata eta kipula aukeran) antolatzaileen esku uzteko. Sari-banaketa 14.00etan izango da, eta bitartean, 13.00etan hasita, Jaire musika-talde akustikoak eguerdia girotuko du. Arratsaldean, 17.30ean, Giza Proba Erakustaldia egingo da Arretxinagako probalekuan, Peña Bizi taldearen eta Gosolo H.K.T. taldearen artean, 20 minutuko saioekin. Proba bi horien tartean, Unai Goitiak erakustaldia eskainiko du 18 kiloko junguragaz eta 75 kiloko berunagaz. Eguna amaitzeko, 20.30ean Txalo Produkzioak taldeak Trajea antzezlana eskainiko du.

San Migel Eguna

Jaietako egun nagusia irailaren 29an, asteartean, ospatuko da: San Migel Eguna. Goizeko 11.00etan Meza Nagusia egingo da Arretxinagako baselizan. Jarraian, Zerutxu dantza-taldeak tradizio handiko Xemeingo Ezpata-dantza eta Aurreskua dantzatuko ditu, eta ondoren Pancho Balbuena mariatxiak alaituko du giroa.

Arratsaldea umeen neurrira antolatu da eta 17.00etan Kalean otso, etxean uso antzezlana egongo da Musika-eskolako goiko lokalean (aforo mugatuarekin); 18.15ean Gora Bihotzak ume eta gaztetxoentzako erromeria; eta ondoren, buruhandiak eta txokolatada. Jaiari amaiera bikaina emateko, 21.00etan Zerutxu dantza-taldeak Mahai Gainekoa dantzatuko du.

2026-09-24T16:00:47+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo